Martitzenean hasiko da Bizkaiko Eskolarteko Bertsolari Txapelketa

2014/05/16
Maiatzaren 20tik 23ra jokatuko dira kanporaketak; ekainaren 7an jokatuko da finala Gernika-Lumon, Bizkaiko Bertso Eskolen egunagaz batera.

Martitzenean hasi eta ekainaren 7ra arteko ibilbidea edukiko du Bizkaiko Eskolarteko txapelketak.

Hasteko, kanporaketak jokatuko dira maiatzaren 20tik 23ra. Saio guztiak 15:00etan hasiko dira, eta amaieran, meriendaz gozatzeko aukera egongo da.

Datorren asteko kanporaketak jokatu ostean, ekainaren 7an finala jokatuko da Gernika-Lumon. Bizkaiko Bertso Eskolen eguna be egun berean ospatuko da.

Txapelketa orain jokatuko den arren, Eskolarteko osoaren emaitza da maiatzean eta ekainean jokatuko dena, urte osoak emandako fruitua.

Eskolartekoak hainbat helburu dauzka: ume eta gazteek jendaurrean kantatu ahal izatea, harremanak egitea, euren hurrekoak bertsozaletzea, edota antolakuntza beharretan ardurak hartzen ikastea.

Eskolartekoa ekimen desberdinek osatzen dute: gazteentzako saioek, bertso meriendek, barnetegiek eta topaketek, bertso-eskolen egunak, udalekuek, negulekue0k, idatzizko sariketak eta bat-bateko txapelketak.

Eskolartekoaren antolatzaile nagusiak Bertsozale Elkartea, bertso eskolak, eta Ikastolen Elkartea dira.

 

Kanporaketen egutegia:

Maiatzak 20:

Deustuko Bidarte etxean, 15:00etan.

Bertso eskolak: Deustu, Arrigorriaga, Enkarterri eta Uribe Kosta.

Maiatzak 21:

Algortako Kultur etxean, 15:00etan.

Bertso eskolak: Uribe Kosta eta Portugalete.

Maiatzak 22:

Bermeoko Eleizalde ikastolan, 15:00etan.

Bertso eskolak: Gernika-Lumo, Mungia eta Larrabetzu.

Maiatzak 23:

Elorrioko txintxirri ikastolan, 15:00etan.

Bertso eskolak: Lekeitio, Abadiño, Markina-Xemein, Zornotza, Durango eta Berriz.

 

Informazio gehiago, hemen.