'Kopla barik' egingo dugu bertsotan udazkenean

2020/10/20
Urriaren 24an hasiko da 'Kopla barik' bertso zirkuitua; formatu desberdineko lau saio antolatu ditugu udazkena ere bertsoz josteko.

Aitzakiarik gabe, kopla barik. Kulturaz gozatzeko momentu guztiak direlako onak. Horregatik antolatu dugu Kopla barik bertso zirkuitua, formatu desberdineko lau saioz osatutako zikloa. Bertso saio musikatua, bertso trama, sariketa eta jaialdia izango dira zikloa osatuko duten saioak, bertsozale guztientzako aukera zabala eskainiz.

Bizkaiko Bertsozale Elkarteak plaza berrindartu nahi izan du ekimen honekin eta, beste behin, kultura segurua dela aldarrikatu. Hori, jakina, denon osasuna bermatuta eta, horretarako, segurtasun neurri guztiak kontuan hartuta egingo dugu.

Urriaren 24an egingo da lehenengo saioa, Mugiako Olalde aretoan, 19:00etatik aurrera. Saio musikatua izango da zapatukoa. Kantuan, Aitor Bizkarra, Arrate Illaro, Ibon Ajuriagojeaskoa, Etxahun Lekue, Malen Amenabar eta Nerea Ibarzabal ariko dira. Gai jartzaile beharretan Idoia Anzorandia ibiliko da eta, musikariak, Ixak Arruti eta Eneko Sierra izango dira.

Azaroan eta abenduan, gehiago

Bertso trama formatua edukiko du bigarren saioak. Azaroaren 14an jokatuko da, Igorreko Lasarte aretoan, 19:00etatik aurrera. Bertan izango dira kantuan Eneko Abasolo 'Abarkas', Jone Uria, Julen Arzanegi, Miren Amuriza, Txaber Altube eta Unai Mendiburu. Saioko tramagileak Lilibertso bertso-eskolako kideak izango dira.

Azaroaren 28an sariketa jokatuko da Durangoko Plateruena antzokian, hau ere, 19:00etatik aurrera. ALBE Algortako Bertsolari Eskolako kideak izango dira gaiak prestatuko dituztenak eta, bertsotan, Ander Elortegi, Imanol Uria, Irune Basagoiti, Oihana Bartra, Onintza Enbeita eta Xabat Galletebeitia ariko dira.

Bizkaiko txapeldunak, saio berean

Sorpresa handia dakar zirkuitoak amaieran. Abenduaren 20an, Getxoko Muxikebarri antzokian Bizkaiko zortzi txapeldun batuko dira oholtza berean. Arkaitz Estiballes, Etxahun Lekue, Fredi Paia, Igor Elortza, Jon Enbeita, Onintza Enbeita, Unai Iturriaga eta Xabi Paya ariko dira kantuan. Gai-jartzaile beharretan, Bizkaiko Txapelketako gai-jartzaile taldea ariko da.

Sarrerak, salgai

Saio guztietarako sarrerak www.bertsosarrerak.eus atarian eskuratu ahal izango dira. Salgai daude dagoeneko.

Zirkuitua Bizkaiko Foru Aldundiaren babespean antolatu dugu, baita, saioak egingo diren herritako udalen laguntzarekin ere: Mungiako, Igorreko, Durangoko eta Getxoko udalekin.

Bertsoak elkatuko gaitu!