Jose Mari Aranbarri ‘Botx’ bertsolaria hil da

2025/08/10
Abuztuaren 9an hil da Ondarroako bertsolaria; Ondarroako bertso plazetan ezinbesteko laguna izan da azken hamarkadetan 'Botx'.

Ondarroa eta bertsoa berbak batera jartzen baditugu, segituan etorriko zaigu burura Jose Mari Aranbarri Etxaburu ‘Botx’en izena (Ondarroa, 1943), beti, Jon Arrizabalagarekin bikote banaezina osatuz. Euren omenez antolatzen da urtero Ondarroan Arri-Botx bertso paper lehiaketa 2015az geroztik (aurtengo maiatzean egin da 10. edizioa).

1981ean egin zuen lehenengo plaza Botx-ek ondarroan bertan, Anjel Mari Peñagarikano, Jon ArrizabalagaTxomin Garmendia eta Xabier Amurizarekin batera.

1985ean eta 1987an Araba eta Bizkaiko Bertsolari Txapelketan ere parte hartu zuen, baita 1986ko Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusian ere.

Hala ere, Ondarroako bertso plaza guztietan mikro atzean zein aurrean egoteagatik da ezagun Botx, antolatzen zein kantuan, beti kulturarekiko zein euskararekiko maitasun handiz aritzeagatik.

Abuztuak eroan du Botx, eta aurrerago egingo zaio agur omenaldia herrian bertan.

Lurrak goxo har zaitzala, Botx!

Argazkia: Bizkaiko Bertsozale Elkartea

 

Argazkiak: Bertsolari Aldizkaria

Argazkia: Bertsolari Aldizkaria