Twitter ikonoa fb

Bizkaia

Jon Mugartegi bertsolaria hil da

2018/01/18
Sei bider aritu zen Txapelketa Nagusian eta hiru finaletan kantatu zuen; Bizkaiko Txapelduna izan zen 1960an.

 

Gaur eguerdian hil da Jon Mugartegi bertsolari berriatuarra, 84 urte zituela. Hileta elizkizuna bihar izango da, urtarrilaren 19an, 18:00etan, Berriatuko elizan.

Asko eman dio bertso munduari Jonek.

1959ko Bizkaiko Txapelketetan parte hartu zuen, eta 1960an Bizkaiko txapelduna izan zen.

Txapelketa Nagusian ere hainbat bider aritu zen. 1960an, Txapelketa Nagusiko finalean kantatu zuen, Donostian, Uztapide, Mitxelena, Azpillaga, Xalbador, Mattin, Narbarte eta Perurenarekin batera. Lau urtera ere, 1964an, berriro parte hartu zuen Txapelketa Nagusiko finalean, Donostian, Arozamena, Garmendia, Narbarte, Lazkao Txiki, Xalbador, Mattin, Mitxelena eta Lopategirekin batera. Eta 1967an ere, finalean kantatu zuen Mugartegik, Mattin, Lopategi, Gorrotxategi, Xalbador, Garmendia, Arozamena, eta Madariagarekin batera. 1979an, 1982an eta 1986an ere kantatu zuen Txapelketa Nagusietan.

Mugartegi Berriatuan jaio zen, Patroikua baserrian, Astapotxue izenez ezagunagoa. Bederatzi neba-arreba artean, hirugarrena zen. Ezkondu eta seme-alaba bi eduki zituen, eta baserrian jarraitu zuen bizitzen, hil den arte.

Joxemari Iriondok idatzitako Segi, Mugartegi liburuan, bertsozaletasuna amamarengandik zetorkiola zioen Mugartegik. Hauek, bere berbak: “Hamabi-hamahiru urte nebazala bertsoa gustatzen hasi jaten niri. Eta nire amona izan zala esango neuskizuke nire lehenengo bertso-sua edo txinpartak biztu zittuena. Kopla eta bertso zaharrak kantatzeko ohitura haundia eukon harek, eta berak erakutsitako kopla zahar asko kantetan hasi nintzan neu be, zazpi-zortzi urte neukazala. Gure amonak ederto kantatzen eban. Eta bai nik gustora ikasi be. Ha zan gogua bertsotarako! Eskolarako baino hobia, egia esateko”.

Horren ostean, Mugartegik gogoan zuen Basarri eta Uztapide joan zirela Berriatuara kantura, berak 13 urte zituela. Aitortzen zuen harek eragin handia egin ziola. Eta handik hasi zela bertsotan, lagunartean lehenengo, eta 16 urterekin plazan, Jon Azpillagarekin batera. Amoroton kantatu zuten biek, 1950ean, Mugartegik 16 urte zituela eta Azpillagak 14. Gerora ere, “Azpillaga bere bertso-lagun izan du ehundaka alditan”, dio Iriondok liburuan.

Bertsokideak hainbat izan zituen Mugartegik. Hasieran Jon Azpillaga, Joxe Mari Arregi Altsu herrikidea, Markina-Xemeingo Juan Ibarzabal Buztarri, Roman eta Modesto Maiz Okelar anaiak eta Gregorio Larrañaga Mañukorta. Gerora Enbeitatarrak, Lopategi, Amuriza, Basilio Pujana, Joan Ormaetxea Taket, German Uriguen Etxagiña, Faustino Etxebarria, Julian Martitegi eta plazan kantatzen zuten beste Bizkaiko bertsolari denak. Gipuzkoan Uztapide eta Basarri ezagutu zituen lehenengo, eta gero, Joxe Lizaso, Jose eta Bittor Agirre, Lazkano, Lasarte, Mitxelena, Lazkao Txiki, Etxeberria, Jesus Alberdi Egileor, Txomin Garmendia, Koxme Lizaso, Iraola, Joxe Insausti… Horiek denak ezagutu eta denekin kantatzeko aukera izan zuen, urteetan zehar. Nafarroako eta Ipar Euskal Herriko bertsolariekin ere sarri kantatu zuen: Arozamena, Andres Narbarte Xalto, Xalbador, Xanpun, Mattin, Ezponda eta abar.

Jon Mugartegiri buruzko informazioa osoa: http://bdb.bertsozale.eus/web/haitzondo/view/1450-jon-mugartegi