Bertsoari lotua egon da Ellakuriaga: gaztetan hasi zen bertsotan Jon Lopategirekin. Santi Belarrekin ere aritu zen Durangoko Bertso Eskolan Unai Iturriaga eta Igor Elortza kantukide zituela. Plazan ere kantatu zuen. Gerora, bertsoaren bestelako alorretan aritu da; bereziki, komunikazioan: 2008an Bizkaiko Bertsolari Txapelketako komunikazio arduraduna izan zen, eta 2009an Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusikoa. Komunikazio Taldean boluntario moduan ere jarraitu zuen gerora. Herri mailan gai-jartzaietzan eta epailetzan ere ibili izan zen.
Kazetaritza lanean ere isla izan du bere bertsozaletasunak; besteak beste, Bizkaia Irratiko 'Zortziko Txikia' irratsaioa egiten zuen gaztetxoenekin. Bertsolari aldizkarian ere idazten zuen.
Eskerrik asko egindako behar guztiagatik, Izaskun!