Bizkaia

Ikasturte amaierako bertso topaketa egin dute gaur goizean Bilbon

2025/06/04
600 lagun inguru batu dira gaur goizean Campos antzokian egin den ikasturte amaierako bertso topaketan

Bilboko topaketa
Gaur goizean, “Mundu bat bertso” egitasmoan parte hartzen duten Bilboko ikastetxeetako bertsolaritza ikasleen ikasturte amaierako bertso topaketa izan da, Campos antzokian. Ikasturte amaierako bertso topaketa Campos antzokian egin den hirugarren edizioa izan da, eta egitasmoan parte hartzen duten seiheun gaztetxo inguru batu dira bertsolaritzaz gozatzeko. Ikastetxeek hiru urteko zikloetan hartzen dute parte topaketan, eta aurten, beraz, itxi da zikloa. Ondorengoak izan dira gaurkoan batu diren ikastetxeak: Basurto HLHI, Fray Juan Zorrotza HLHI, Gallego Gorria HLHI, Maestro García Rivero HLHI, Pagasarribide IPI, Pio Baroja HLHI, San Inazio HLHI, Zazpilanda HLHI, Zurbaranbarri HLHI.

2025-06-04 Bilboko topaketa

Bertsozale Elkarteko Jone Larrinaga eta Josu Telleria bertsolaritza irakasleek gidatu dute ekitaldia eta Euskal Herrian zehar egin dute bidaia Bilboko bertsolaritza ikasleek. Pantaila lagun, beraz, “bertso tourra” egin dute gazteek elkarri bertso bidez galderak eta erantzunak bidaliz. Bilboko ikasleekin batera, Gipuzkoa, Lapurdi, Zuberoa, Nafarroa eta Arabako bertsolaritza ikasleek hartu dute parte pantaila bitartez ekitaldian.

2025-06-04 Bilboko topaketa

Eta zelan ez, bat-bateko bertsoak ere izan du bere lekua. Hasierako agurren ostean, bertsolaritza ikasleek egindako aurkezpenei erantzun behar izan diete bertsolariek, gaia jarraitu koplatan  jardun dute, eta azkenik, baita puntuka ere. Aurten Nerea Ibarzabal Salegi, Maite Sarasola Isazelaia eta Bittor Altube Sarrionandia bertsolariak izan ditugu oholtzan.

2025-06-04 Bilboko topaketa 

Ekitaldiaren beste momentu garrantzitsuetako bat kantaldia izan da Mikelot musikariaren eskutik. "Kalian gora eta kalian behera" ibili dira gaztetxoak, eta beste abesti askoren artean.

2025-06-04 Bilboko topaketa

Saioa borobiltzeko ikasturteko lanaren erakusgarri den diploma jaso dute ikastetxeek. Diploma banaketan, Bilboko udaletik -egitasmoa diruz laguntzen baitu- Eider Inunciaga Serna (Euskarako, Herritarren Arreta eta Partaidetzako, 2030 Agendako eta Nazioarteko Gaietako Zinegotzia) eta Mari Jose Arrieta Sagarna (Euskarako Zuzendaria) eta David Rosales Reguerak (euskara teknikaria) hartu dute parte, eta Bizkaiko Bertsozale Elkartetik zuzendaritza kide Idoia Anzorandia Kareagak eta Elkarteko koordinatzaile Ione Narbaiza Gallastegik.

Saioari amaiera emateko “Mundu bat bertso” abestia abestu dute denek batera.

Hemen Hamaika telebistak egindako erreportajetxoa. 

 2025-06-04 Bilboko topaketa

 

Topaketak Bizkaia osoan

Bilbokoa ez da, ordea, ikasturte amaieran egiten den topaketa bakarra. Bizkaia osoan zehar hamaika herritan izan dute, edota izango dute bertsolaritza ikasle gazteek urtean zehar ikasitakoa taularatzeko parada, besteak beste,

Abadiño, Abanto-Zierbena, Balmaseda, Barakaldo, Basauri, Bilbo, Durango, Enkarterri, Erandio, Ermua, Lemoa, Galdakao, Gernika-Lumo, Mungia, Muskiz, Ondarroa, Sestao, Txorierri, Uribe-Kosta, Uribe- Butroe., Zornotza…

 

Bertsotan jarraitzeko aukera

Bilbon, bertsotan dabiltzan gaztetxoen hainbat talde (gaztetxoen bertso eskolak edo bat-bateko taldeak - BBT) daude, hau da, Mundu bat bertso programan parte hartu ondoren, eskolaz kanpo, bertsotan jarraitzen duten gazteek osatutako taldeak. Besteak beste, Deustuko BBTa, Esperantza aretoko BBTa, Mirigorriko BBTa eta ikastetxez ikastetxe sortzen diren BBTak. Talde hauek, orokorrean, DBH1etik aurrerakoak izaten dira. Bertsotan jarraitu nahi baduzu, galdetu zure bertsolaritza irakasleari!

 

 

2025. Bilboko topaketa. Campos antzokia