Gaur hasiko da Bizkaiko Eskolarteko Txapelketa

2018/04/19
Deustun izango da lehenengo saioa, 17:00etatik aurrera; guztira lau kanporaketa jokatuko dira eta finala Balmasedan izango da maiatzaren 6an.

Bizkaiko eskolarteko bat-bateko txapelketa hastear dago. Gaur izango da lehenengo kanporaketa Deustu HLHIn, 17:00etatik aurrera.

Lau kanporaketa jokatuko dira:

  • Apirilak 17: Deustu HLHIn, 17:00etan
  • Apirilak 23: Durangoko Kurutziaga ikastolan, 17:00etan
  • Apirilak 24: Getxon, Erromoko kultur etxean, 17:00etan
  • Apirilak 25: Lemoan, Jubilatuen gaineko aretoan, 17:00etan 

 

18 urtetik beherako bertsolari bizkaitarrek parte hartu ahal izango dute Bizkaiko Eskolartekoan. Bertsolariek ariketa hauek egin beharko dituzte kanporaketetan:

  • Lau oinak emanda bertso bat zortziko txikian
  • Berba emanda bertso bat gehienez hamarreko handian
  • Ofiziotan bina bertso zortziko txikian

Kantatzen duten bertsolarietatik lauk aurrera egingo dute, eta horiek, ariketa hauek kantatu beharko dituzte bigarren atalean:

  • Ofiziotan zortziko handian bina bertso
  • Kartzelako lana: bakarka gehienez 10eko handian gai bati erantzunez

Finala, Balmasedan

Kanporaketak jokatu ostean, zortzi bertsolari pasatuko dira finalera. Finala maiatzaren 6an jokatuko da Balmasedako Klaret Antzokian. Egitarau zabala egongo da egun horretan:

  • 10:00etan: Eskolarteko idatzizko finala frontoian
  • 11:30ean: Eskolarteko bat-bateko finala: Klaret antzokian
  • 14:30ean: Bazkaria: frontoian
  • 17:30ean: Bizkaiko Bertsolari Txapelketaren Udabarriko Faseko saioa Klaret Antzokian

Finaleko egunean egingo den bazkarirako txartelak laster jarriko dira salgai www.bertsosarrerak.eus atarian.