Etxahun Lekuek jantzi zuen zapatuan eskualdeko txapela

2016/02/08
Inauteri giroan, egun osoko jaia antolatu zuten Larrabetzuko Itallen eta Mungiako Taket bertso eskolek, Mungian.

Etxahun Lekue Larrabetzuko bertsolariak jantzi zuen, Miren Ibarluzearekin buruz burukoa jokatu ostean, Uribe Butroeko txapela.

2016-02-06 Zortzi puntutan, Uribe Butroe. Mungia

Giro ezin hobean joan zen eskualdeko bertso giroa sustatzea helburu nagusi duen ekimen hau. Goizean, 11:30ean hasita, 3 kanporaketa jokatu zituzten herriko 3 tabernetan. Ondoren bazkaria eta bazkal ostean finala izan zituzten. Bazkaltzeko 50 bat lagun batu ziren, eta osteko saioa entzuteko 60 bertsozale inguru.

Hurrengoak izan ziren parte hartu zuten bertsolariak: Ibon Larrazabal, Jon Larrabide, Jon Etxebarria Txontxe, Sergio Peña, Asier Legarreta, Peru Berazategi, Aitor Esteban, Ortzi Garitano, Jone Larrinaga, Malen Amenabar, Miren Ibarluzea eta Etxahun Lekue.

Buruz burukora Miren Ibarluzea eta Etxahun Lekue iritsi ziren. Azkenean Txapelduna Etxahun Lekue izan zen. Etxahuni txapela Jose Mari Bilbaok jantzi zion, bertsolari Goierritarra (Erandio), 70 eta 80. hamarkadatan plazatan eta txapelketetan ibilitako bertsolaria bera, eta egun Taket Bertso Eskolako kidea dena.

Uribe Butroeko Txapelketaren ostean ere, Zortzi puntutan ekimenak aurrera dirau, eta ondorengo asteetan beste eskualde batzuk hartuko diete lekuko Uribe Butroekoei.