Deustuko topaketa izango da gaur eta Miribillakoa datorren barikuan

2024/05/03
Gaur, maiatzak 3, Deustuko ikastetxeen arteko bertso topaketa egingo da, 17:00etatik aurrera. Datorren astean, maiatzaren 10ean, Miribillako ikastetxeen txanda izango da.

Elkartearen helburua auzo bakoitzaren beharretara egokitutako bertso proiektuak sustatzen joatea da. Aurten, Miribillako topaketa indartzen jarraituko dugu eta Deustukoa berreskurako dugu, eta aurrera begira, auzo gehiagotan eragitea da asmoa.

Bilboko ia ikastetxe denetako gaztetxoek lantzen dute bertsolaritza, 6. mailan, "Mundu bat bertso" egitasmoaren bidez. Hezkuntza arautuan bertsolaritza landu ostean, gogoa eta irrika duten gazte horiei, bertsotan jarraitzeko aukera ematen zaie gaztetxoen bat-bateko taldeen bidez. Auzoekotako topaketa hauek, beraz, bat-bateko taldeak, eta auzoetako bertso giroa, elikatzeko helburua dute. 

DEUSTUKO TOPAKETA

Deustualdeko bertsolaritza ikasleei eta hauen gurasoei zuzendutako topaketa izango da gaurkoa. 17:00etatik aurrera batuko dira parte hartzaileak Deustuko udaltegian, eta ondorengoa izango da egitaraua:

  • 17:00 bertso idatzien finala. San Inazio, Intxixu, Deustuko Ikastola eta Arangoitiko ikasleek hartuko dute parte. Aurretik kanporaketak egin dituzte ikastetxeetan.
  • 18:00 Bat-bateko taldeko kideek prestatutako bertso jarriak abestuko dituzte
  • 18:15 Bertso saioa. Bertsolariak: Haizea Telleria, Enare Muniategi, Ander Anakabe eta Asier Alcedo. Gai-jartzailea: Maite Sarasola
  • 19: 30 Sari banaketa ekitaldia. eta ostean, merienda

2023-05-05 Miribillako topaketa

 2023-05-05 Miribilla, idatzizko finala.

MIRIBILLAKO TOPAKETA

Datorren barikuan, maiatzaren 10ean izango da Miribillako topaketa, Bizkaia frontoian, eta Miribilla inguruko ikastetxeetako ikasleak eta hauen gurasoak batuko dira bertan. Ondorengoa izango da egitaraua:

  • 17:00 bertso idatzien finala. Iruarteta, Pagasarribide, Urretxindorra eta San Adrian ikastetxeko ikasleek hartuko dute parte. Aurretik kanporaketak egin dituzte ikastetxeetan. 
  • 18:10 Kafe Antzokiko bat-bateko taldeko gazteek prestatutako bertso idatziak eta Mirigorriko bat-bateko taldeko kideek puntuak erantzungo dituzte bat-batean.
  • 18:15 Bertso saioa. Bertsolariak: Haizea Telleria, Koldo Gezuraga, Maite Sarasola eta Peio Molinuevo. Gai-Jartzailea: Ander Elortegi
  • 19: 30 Sari banaketa ekitaldia. eta ostean, merienda

Honez gain, zelan ez, Bilbo mailako bertso topaketa handia ere egingo da ekainaren 4an Campos Eliseos antzokian. 

2023-06-01 Bilboko topaketa 5

 2023-06-01 Campos Eliseos antzokia, Bilbo.