Twitter Facebook Instagram

Bizkaia

Busturialdeko taldeak irabazi du BBK Sariketa

2020/12/02
Gaur jokatu da Bertsolari Gazteen XXVIII. BBK sariketaren finala; Busturialdea, Durangaldea, Hego Uribe eta Lea-Artibai eskualdeetako bertsolariek kantatu dute BBK Salan.

Gaur arratsaldean jokatu da Bilboko BBK Salan Bertsolari gazteeen BBK Sariketaren finala. Lau eskualdek parte hartu dute finalean: Busturialdeak, Durangaldeak, Hego Uribek eta Lea-Artibaik. Ariketa guztiak egin ostean, Busturialdea taldeak batu ditu puntu gehien eta, beraz, eurak dira aurtengo irabazleak.

Martxoaren 3an hasi zen sariketa Barakaldon jokatutako lehenengo kanporaketarekin. Lau kanporaketa jokatu ostean pandemiaren eraginez bertan behera geratu ziren finalaurrekoak eta finala.

Egoeraren bilakaera ikusirik, finalaurrekorik ez, baina, finala jokatu da gaur Bilbon kanporaketetan sailkatutako lau taldeen artean. Eskualdeetako talde gazteenek ezin izan dute bertan kantatu eta bideo bidez helarazi dituzte haien bertsoak.

Gaurkoan oholtza gainean ondorengoak izan dira protagonistak:

  • Busturialdea: Iker Uriarte, Asier Galarza eta Koldo Gezuraga.
  • Durangaldea: Iruri Altzerreka, Ander Elorriaga eta Bittor Altube.
  • Hego Uribe: Maider Altuna, Maite Sarasola eta Unai Foruria
  • Lea-Artibai: Sara Asenjo, Nahia Ibarzabal eta Koldo Muñiz.

Bestalde, aurten lehenengoz, finaleko kantaera onenaren saria egon da eta Iruri Altzerrekak jasoko du.

Gaurkoan Xabier Enbeitak egin ditu aurkezle beharrak. Epaimahaia Juanjo Respaldizak, Josu Telleriak eta Beñat Romerok osatu dute. Idazkari beharretan, ostera, Idoia Anzorandia aritu da.

Sari banaketa ekitaldian Koldo Bilbao BBK-ko ordezkariak, Josune Bañales Ikastolen Elkarteko ordezkariak eta Ainhoa Markinez Bizkaiko Bertsozale Elkarteko ordezkariak hartu dute parte.

Bizkaiko Bertsozale Elkarteak zorionak eman gura dizkie aurtengo BBK Sariketan parte hartu duten guztiei. Bereziki bertsolariei, gai-jartzaile taldeari eta epaile taldeari.