Twitter ikonoa fb

Bizkaia

Busturialdea taldeak irabazi du XXV. BBK Sariketa

2017/03/31
Gaur jokatu da finala Bilboko BBK Salan; Busturialdea eta Uribe Kosta taldeak aritu dira bertsotan, eta azkenean, Busturialdeak batu ditu puntu gehien.

Bertsolari gazteen BBK sariketaren finala jokatu da gaur Bilboko BBK Salan, giro ederrean. Busturialdeko eta Uribe Kostako taldeak aritu dira kantuan.

2017-03-31 Finala

Busturialdea taldea izan da puntu gehiago batu eta aurtengo sariketa irabazi duena. Uribe Kostak 359.50 puntu lortu ditu; Busturialdeak, ostera, 380.50 puntu.

2017-03-31 Finala

Aurtengo sariketa berezia izan da, gainera, sariketak 25 urte bete baititu. Hori ospatzeko, Iratxe Ibarra Foruriaren bertso jarriak kantatu ditu publikoak, bertsolariak berak eta Eire Larrea gitarra joleak lagunduta. Ibarrak BBK sariketaren lehenengo edizioan bertan parte hartu zuen, eta edizio hura irabazi, gainera, Lea-Artibai taldearekin. Bizitako esperientziari jarri dizkio bertsoak Ibarrak, eta sariketa sortu zuten Jon Lopategi eta Joserra Bilbaora eman dizkio eskerrak.

2017-03-31 Finala

Dena dela, gaurkoan benetako protagonistak finalean parte hartu duten 12 bertsolariak izan dira.

  • Busturialdetik:
    • 18 urtera artekoak: Julen Karrion, Peio Gerrikaetxebarria eta Beñat Bilbao
    • 24 urtera artekoak: Ibai Amillategi, Mikel Retolaza eta Lurdes Ondaro
  • Uribe-Kostatik:
    • 18 urtera artekoak: Irene Ezkurra, Aritz Landeta eta Unai Mendiburu
    • 24 urtera artekoak: Inazio Vidal, Kerman Diaz eta Paule Loizaga

2017-03-31 Finala

Gaurkoan Itxaro Juaristi Olaetxea ibili da aurkezle beharretan. Epaimahaia Juanjo Respaldizak, Jurgi Fuentesek eta Miriam Juaristik osatu dute. Idazkari beharretan, ostera, Ione Narbaiza Gallastegi aritu da.

Finaleko Bizkaiera onenaren saria Ibai Amillategik jaso du, Iratxe Ibarraren eskutik.

2017-03-31 Finala

Sari banaketa ekitaldian Leire Aragón BBK-ko ordezkariak, Koldo Tellitu Ikastolen Elkarteko ordezkariak, Belate Olabarria Bizkaiko Bertsozale Elkarteko ordezkariak eta Iratxe Ibarrak hartu dute parte.

Sari emote ekitaldiaren, ostean, eta sariketari amaiera egokia emoteko luntxa egon da hurreratu diren guztientzako.

2017-03-31 Finala

Bizkaiko Bertsozale Elkarteak zorionak eman gura dizkie aurtengo BBK Sariketan parte hartu duten guztiei. Bereziki bertsolariei, gai-jartzaile taldeari eta epaile taldeari.