Twitter ikonoa fb

Bizkaia

Bizkaiko bertsolariak Txapelketan

2013/11/06
Finalaurrekoen atarian, Igor Elortza, Jone Uria, Etxahun Lekue, Unai Iturriaga eta Fredi Paiagaz egon gara. Igor eta Etxahun kanporaketak irabazita sailkatu dira, Jone eta Fredi puntuazioz eta Unaik ostera finalaurreetan egingo du bere agerpena txapelketan. Bost bertsolariei bost galdera luzatu dizkiegu eta argi geratu da denak egongo direla BEC-en abenduaren 15ean, kantari edo entzule izango diren argituko da datozen asteetan.


               jone uria     

Zelan sentitu zara orain arteko saioan?

 Fredi Paia: Bero, Billabonan bero heze itogarria izan zan.

 Igor Elortza: Ondo. Legazpin neure burua ondo ikusi nuen, eta tartean estualdiren bat egon zenean ere, lasai eta seguru sentitu nintzen. Ez da gutxi. Bertsotarako gogotsu joan nintzen, eta lasai. Beharbada, tentsio apur bat falta izan nuen hasieran, baina, aukeran, gurago hori estuegi joan eta saioak ihes egitea baino.

 Jone Uria: Oso gustora ibili nintzen Markinako saioan. Egun ona izan nuen, ideiak eta errimak errez etorri zitzaizkidan, eta horrelako egun bat txapelketan tokatzea bada nahikoa suerte! 

 Etxahun Lekue: Oiongo saioan gustura sentitu nintzen. Saio osoan zehar eroso egon nintzen, beharrezkoa dan tentsino puntuagaz. Puntu erantzunetan izan ezik gainontzeko ariketetan maila txukuna emon nebalakoan nago.

 Zelan ari zara txapelketa prestatzen?

 Fredi: Lagun artean eta kontu handiz.

 Igor: Niretzako erabaki inportanteena iaz Bizkaikoan parte hartzea izan zen, orain hemen egoteko. Orduan, kostatu egin zitzaidan bai erabakitzea bai neure burua txapelketarako ipintzea. Aurten, gogoz eta ilusioz nabil: bertsolari moduan neure ibilbidean une eta txapelketa hau kokatu, zer egin gura nukeen pentsatu, txapelketaren beraren sorkuntzarako baldintzak (gai klaseak, nagusiki) kontuan hartu, eta ohiko ariketez gainera, sortzeko grina sustatzen han irakurriz eta hemen ikusiz...

Unai Iturriaga: Betiko moduan, Igor Elortzagaz batera eta lagun talde baten babes ezinbestekoagaz.

Jone: Astean zehar Madrilen nabil master batean, eta ahal bezala asteburuak aprobetxatzen ditut eskolakoekin batu eta entrenatzeko. Horretaz aparte ez dauka aurreko txapelketetarako egin izan dudan prestakuntzekin desberdintasun handiegirik.

Etxahun: Azken urteotako plan bardina daroat. Bertso eskolan astean behin eta Beñat Ugartetxea, Fredi Paia eta Arkaitz Estiballesegaz beste behin batu izan naz bertsotan aritu eta esan beharreko kontuak esaten. Norberak egin beharreko beharrari behar baino denbora gitxiago eskeini deutset (hau be aurreko urteetan lez!).

 Zelan definiduko zeunke aurtengo txapelketa?

 Fredi: Post-Egaña aroko lehenengoa.

 Igor: Oraingoz, kanporaketetan, ohikoa. Hemendik aurrera ikusi beharko da zer ematen duen. Esango nuke aurrekoan belaunaldi berri bat agertu zela, eta oraingoan hori guztia orekatu egingo dela. Uste dut horrek bertsoa bera ipiniko duela gutziaren zentroan: bertsoaren espektatiba, bertigoa, plazerra eta baita dezepzioak ere.

Unai: Txapelketa guztiak bardintzen dauz txapelketa izateak berak. Gazteagoa dan ez dakit, neu naz zaharragoa (zaharrenetakoa) eta hortik begiratuta gazteagoa da, jakina. Iruditzen jata kanporaketen fasea oso gatxa dala danentzat. Parte hartzaile askok txapelketan kantatu behar dau apenas plazarik egin barik, beste batzuk plazan sarri dabizenak, finalerdietara pasatzeko “derigortasuna” daukie… Gatxa da holan saio orekatuak urtetea.

 Jone: Ez nuke definitzen jakingo, zaila da oraindik bukatu ez den zerbait definitzen asmatzea. Baina ez nuke esango duela lau urtekoaren oso ezberdina izaten ari denik, oraingoz.

Etxahun: Gatxa da txapelketa definidutea ondino kanporaketak baino joan ez direnean. Dana dala esango neuke entzuleen aldetik sano arrakastatsua izaten dabilela. Bertsoa erdigunean jartea eta bertsoari berari indarra emotean ideia gustatu jat.

  Zetan izengo da aurtengoa desbardina?

 Fredi: Egañak ez duela parte hartuko.

 Igor: Andoni ez egoteak markatuko du finala, zabalago uzten du hasieratik eta han egongo direnen erantzukizuna eta anbizioa handituko du. Baina gaitza da amaitu aurretik zer eman dezakeen berba gutxitan esatea.

Unai: Hori da ondiño ikusteko dagoena. Egaña faltako da, hori badakigu eta ez da badaezpadako desbardintasuna. Gainontzekoa datozen asteetan ikusiko dogu.

Jone: Egia da duela lau urtekoan "gazte generazio berri" bat sartu ginela, dexente ginen lehen aldiz txapelketan kantatzen genuenak eta askorentzako sorpresa izan ginen. Aurten Maddi Sarasua kenduta, ni izan naiz bigarren gazteena.  Eta gainontzekoan, egunak, gaiak, garaia eta bertsolariak desberdinak izango garen heinean desberdina izango da, dudarik ez.

 Etxahun: Txapelketa amaituten danean esango dotsuet.

 Iritsiko zara BEC-era?

 Fredi: Bai, ez dakidana da entzule ala betsolari legez izango den.

 Igor: Nahi nuke eta ahalegin guztiak egingo ditut.

 Unai: Seguru. Kantatuko dodan da ez dakidana. Gurako neuke.

 Jone: Noski, iritsiko naizela! Oholtza gainera izango den... Hori beste kontu bat da! Nik suerte handia eta egun oso on bi, eta beste askok txarrak izaten badituzte, agian... Baina nahiko zail ikusten dut, egia esan. 

 Etxahun: Etxetik urrin be ez dago eta iritsiko gara BECeraino. Milagro handiren bat ez bada ateren bat jagoten edo sarrerak piketan ibiliko naz.