Bizkaia

Bizkaiko eskolarteko idatzizko eta bat-bateko finalak jokatuko dira hilaren 30 eta 31n, Iurretan

2025/05/14
LH5 eta LH6. mailakoen idatzizko finala izango da 30 arratsaldean, eta 18 urtera artekoen idatzizkoa eta bat-batekoa 31 goizean. Bat-bateko lehen bi sailkatuak Euskal Herriko Eskolarteko Txapelketako finalera joango dira.

Finalera heldu da Bizkaiko Eskolarteko Txapelketa. Idatzizko zein bat-bateko kanporaketak jokatu dira Bizkaia luze zabalean udabarrian, eta maiatzaren amaierarekin, badator finala. Aurten, lehen aldiz, bi eguneko finala izango da, Iurretako frontoian: lehenengoan, maiatzaren 30ean 17:30ean, gaztetxoen (LH5-LH6) idatzizko finala izango da, eta ondoren, bertso saioa; 31an, aldiz, 18 urtera artekoen idatzizko zein bat-bateko finalak, goizeko 10:00etan hasita.

Zapatuko bat-bateko finalera, urtero legez, zortzi bertsolari sailkatu dira, lau kanporaketa lehiatu ostean: Galdakaon, Gordexolan, Igorren eta Durangon. Zortzi bertsolari hauek ariko dira kantuan maiatzaren 31ko bat-bateko finalean:

  • Aiala Irurtia Montero (Arantzazu)
  • Ekhi Zuluaga Intxaurbe (Igorre)
  • Enara Gallastegi Barrenetxea (Dima)
  • Iradi Barrenetxea Akesolo (Artea)
  • Jon Abasolo Sarralde (Munitibar)
  • Kelmene Abaitua Isazelaia (Berriz)
  • Maddi Aurtenetxe Bustinza (Zornotza)
  • Naroa Iturrioz Lauzirika (Zornotza)

 Gai-jartzailea Igor Menika Bengoetxea izango da.

 Finala amaituta, txapelduna eta txapeldun ordea izendatuko dira, eta Euskal Herriko finalera sailkatuko dira zuzenean.