Bertsolari gazteak, 'Plazara!'

2021/01/08
Gazteentzako bertso zirkuitua da 'Plazara!'; izen-ematea urtarrilaren 15era arte egongo da zabalik eta gure webgunearen bitartez egin ahal izango da.

Bizkaiko bertsolari gazteentzako Plazara! ekimena jarri dugu martxan, gazteentzako bertso-zirkuitua. Helburua, alde batetik, gazteen plazaratzean eragitea da eta, beste alde batetik, beraien arteko saretzea eta talde izaera indartzea.

Eskualdez eskualde ibiliko da zirkuitua eta hilabetero, gutxienez, saio bat egingo da. Hilabete bakoitzean eskualde baten ardura izango da saioa etxean hartu eta antolatzea. Hau da, parte hartzaileak izango dira antolatzaileak.

Parte hartu gura baduzu, eman izena!

Proiektuan parte hartzeko izena eman beharko da eta horren arabera antolatuko dira saioak. Izen-ematea itxitakoan jakingo da zenbat bertsolari dauden prest ekimenean parte hartzeko eta, orduan, zozketa bidez sortuko ditugu saioak. Beti bermatuko da eskualdeko bertsolari bat egotea kantuan.

Saioen formatuak denetarikoak izan daitezke, antolatzaileen eta herriaren neurrira eginak. Bariku iluntzeetan izango dira.

Izena emateko epea urtarrilaren 15era arte egongo da zabalik. Parte hartzaileen adin tartea 1996-2002 urte artean jaiotakoena izango da.

Osasun neurriak, bermatuta

Iaz sortu zen Plazara! ekimena baina bertan behera utzi behar izan zen itxialdiaren eraginez. Orain, ostera ere jarri dugu martxan. Pandemia dela eta, momentuan momentuko arau guztiak beteta antolatuko da ekimena.