Bizkaia

Bertso sariketa jokatuko da Plateruenan zapatuan

2020/11/24
Azaroaren 28an izango da bertso sariketa, 18:00etatik aurrera, Kopla barik zirkuituaren barruan. Ezarritako arauak direla eta, Durangokoak eta alboko herrietakoak joan ahalko dira saiora.

Kopla barik zirkuituaren hirugarren saioa izango da zapatukoa. Durangoko Plateruena antzokian izango da, 18:00etatik aurrera (ordua aldatu da, 19:00etan iragarri zen baina 18:00etan izango da).

Gai-jartzaile eta gidari beharretan Algortako Bertsolari Eskolako lagunak ibiliko dira eta kantuan, ostera, Ander Elortegi, Imanol Uria, Irune Basagoiti, Oihana Bartra, Onintza Enbeita eta Xabat Galletebeitia.

Sarrerak www.bertsosarrerak.eus atarian daude salgai.

Neurri guztiak beteta

Ezarritako neurriak direla eta, Durangokoak eta alboko herrietakoak bakarrik joan ahal izango dira bertso trama ikustera. Aldez aurretik sarrera erosita zeukaten bertsozaleei itzulketarako argibideak bidaliko zaizkie.

Saioan ere, guztion osasuna bermatzeko neurri guztiak errespetatuko dira.