Bizkaia

Bertso asteburu pasa

2018/02/15
Asteburuan Ajangizko Lurraska ingurugiro zentroan batuko dira Bizkaiko 120 bertsolari gaztetxotik gora. Elkar ezagutzea eta bertsotan sakontzea dira helburu nagusiak.

Motxilak soinean, Bizkaiko txoko guztietatik hurreratuko dira bertsolari gaztetxoak, neguko bertso barnetegian parte hartzera. Izen ematea zabaldu bezain laster bete ziren zerrendak eta guztira ehun eta hogei lau ikaslek izango dute elkarrekin egon, eta bertsoaz gozatzeko aukera. 

Bariku arratsaldean batuko da taldea, eta jolasak, musika eta hamaika ekintza izango dituzte egiteko. Eguraldia lagun, mendi irteera eta kanpoko jolasak egingo dituzte zapatu goizean gaztetxoenek. Nagusienen taldea bertsotan arituko da, ofizioak, gai bati nola erantzun… landuko dute bertsolaritza irakaslearekin. Zapatu iluntzean inprobisazioak hartuko du lekua. Bertso afarira Etxahun Lekue eta Jone Uria bertsolariak etorriko dira, eta gazteen esku egongo dira bertsolarien aurkezpenak eta gai jartzaile beharrak.

2017-02 Barnetegia. Lurraska

Parte hartzaileak, DBHn bertsolaritza lantzen duten gazteak dira, batzuk eskola orduetan, eta gehienak, eskolaz kanpoko ekintza moduan.

Bertsolaritza lantzeak aukera ezin hobea eskaintzen die gazteei euskararen erabilera indartu eta jendaurrekotasuna lantzeko. Gainera, asteburu oso bat elkarrekin egoteak, harremanak sakontzeko aukera ere ematen die. “Bertso barnetegian egoteak elkarrenganako konfidantza ematen die gaztetxoei, eta hori neurri batean, lagungarri zaie Eskolarteko txapelketan edota Bertsolari gazteen BBK sariketan parte hartzerako orduan” dio Idoia Anzorandia bertso irakasle eta antolatzaileak. Urteak pasatu ahala gero eta arrakasta handiagoa du egonaldi honek.