Badator Plazara! ekimen berria

2020/02/18
Plazara! ekimen berria bertsolari gazteei zuzendutako bertso zirkuitua da.

Bizkaiko Bertsozale Elkarteak Plazara! ekimen berria ipini du martxan. Plazara! Bizkaiko bertsolari gazteei zuzendutako bertso zirkuitua da.

Helburu nagusi bi ditu proiektuak, batetik, gazteen plazaratzean eragitea eta bestetik, gazteen saretzea eta talde izaera indartzea.

Parte hartu gura baduzu, eman izena!

Proiektuan parte hartzeko izena eman beharko da, eta izen ematearen arabera antolatuko dira saioak. Behin izen-ematea itxita, jakingo dugu zenbat bertsolari dauden prest ekimen honetan parte hartzeko eta zozketa bidez jarriko ditugu saioak, beti ere eskualdeko bertsolari bat egongo dela bermatuz.

Bertso-zirkuitua Bizkaiko eskualdeetatik pasatuko da, hilabetean, gutxienez, saio bat egongo delarik. Hilabete bakoitzean eskualde baten ardura izango da, beraz, saioa etxean hartu eta antolatzea. Hau da, parte hartzaileak eurak izango dira antolatzaileak.

Saioen formatuak denetarikoak izan daitezke, antolatzaileen eta herriaren neurrira eginak, eta saioak bariku iluntzeetan izango dira.

Izen emateko epea otsailaren 26ra arte egongo da zabalik. Gazteen adin tartea: 1996-2002 urte artean jaiotakoak, biak barne.