Badator Bizkaiko Eskolarteko Txapelketa 2026
Datorren astean hasiko da Bizkaiko Eskolarteko bat-bateko Txapelketa, eta finala maiatzaren 30ean izango da, Aulestin. Bat-bateko sariketaz gain, ordea, idatzizko Bizkaiko Eskolartekoan ere parte hartzen ari dira bertso eskoletako gaztetxoak. Dagoeneko martxan dago idatzizkoa, eta hainbat herritan egiten ari dira kanporaketak. Idaztzizkoaren finalak maiatzaren 29an eta 30ean izango dira, hauek ere Aulestin.
BAT-BATEKO TXAPELKETA
Izen emateak gora egin du, eta 39 gaztek parte hartuko aurtengo edizioan. Lau kanporaketa jokatuko dira, saio bakoitzean 9-10 gaztek parte hartuko dute, eta saio denak 17:00etan izango dira.
Eskolartekoan 18 urtera arteko bertsolari bizkaitarrek parte hartuko dute, eta hauek dira gazteek egin beharko dituzten lanak.
Saioak zati bi izango ditu: Lehenengo zatian, bertsolari guztiek, ariketa hauek egingo dituzte:
- Lau oinak emanda bertso bat zortziko txikian
- Berba emanda bertso bat, gehienez, hamarreko handian
- Ofiziotan bina bertso zortziko txikian
Bigarren zatia. Lau bertsolarik egingo dute aurrera, eta horiek, ariketa hauek kantatu beharko dituzte:
- Ofiziotan zortziko handian bina bertso
- Ganbarako lana: bakarka, gehienez, 10eko handian gai bati erantzunez
Kanporaketetatik 8 bertsolari iritsiko dira Aulestiko finalera. Saio denetarako sarrera librea da, doakoak dira saioak.
IDATZIZKO TXAPELKETA
Bestetik, idatzizko txapelketa martxan dago Bizkaiko ikastetxe eta eskualdeetan. Apirila erditik eta maiatza osoan zehar hainbat idatzizko kanporaketa egingo dira Bizkaia osoan zehar. Kanporaketa hauetatik sailkatutako ikasleek idatzizko finaletan parte hartzeko aukera izango dute.

Aurten egun bitan egingo dira idatzizkoaren finalak, biak ere Aulestiko frontoian:
- Maiatzak 29an arratsaldez, LH5eko eta LH6ko finalak izango dira. Ostean gazteei zuzendutako bertso saioa egingo da.
- Maiatzak 30ean, goizez, DBHko eta Batxilergoko finalak izango dira. Ostean, bat-bateko finalera sailkatu diren 8 bertsolariak arituko dira kantuan.