Twitter Facebook Instagram

Bizkaia

Arriaga bete dute Bilboko ikastetxeetako gazteek

2019/05/27
Ia 800 lagun batu dira gaur goizean Arriagan egin den ikasturte amaierako bertso topaketan

BILBOKO TOPAKETA

Gaur goizean izan da Bilboko Arriaga antzokiko bertso topaketa, eta 16 ikastetxetako 778 gaztetxok hartu dute parte.

2019-05-27 Arriaga

"Herribixi" antzerki taldekoen aurkezletza eta gidaritzapean, ikasleek prestatutako bertso sortak entzun dira bai ikus-entzunezko euskarri bidez, eta baita zuzeneko emanaldi txikien bidez ere. Horretaz gain, zelan ez, ez da bat-bateko bertso saiorik ere falta izan. Bertsolaritza ikasleek egindako aurkezpen eta galderei erantzun behar izan diete bertsolariek eta librean ere egin dute bertsotan, ikasleen artean. Aurten bat-batean jardun dutenak Onintza Enbeita, Etxahun Lekue, Miren Amuriza eta Txaber Altube izan dira.

2019-05-27 Arriaga

Horrez gain, kantaldia ere izan dute gazteek Mikel Inuntziaga "Inun" musikariaren eskutik. "kalian gora eta kalian behera" ibili dira gaztetxoak Inunen eskutik, eta beste abesti askoren artean, "Mundu bat bertso" proiektuaren abestia ere abestu dute.

2019-05-27 Arriaga

Saioa borobiltzeko ikastetxeek ikasturteko lanaren erakusgarri diploma bana jaso dute Koldo Narbaiza Euskara zinegotziaren eskutik.

 

TOPAKETAK

Bilbokoa ez da, ordea, ikasturte amaieran egiten den topaketa bakarra. Bizkaia osoan zehar hamaika herritan izan dute, edota izango dute bertsolaritza ikasle gazteek urtean zehar ikasitakoa taularatzeko parada, besteak beste, Balmaseda, Abanto-Zierbena, Basauri, Enkarterri, Barakaldo, Mungia, Erandio, Ondarroa, Muskiz, Bermeo, Gernika-Lumo, Zornotza, Uribe-Kosta, Galdakao eta Txorierrin.