Twitter ikonoa fb

Bizkaia

Ardatz Enbeita Ibarra hil da

2014/08/04
Atzo hil zen Ardatz Enbeita Ibarra gaixotasun baten ondorioz. Bertsoagaz konprometitutako pertsona izan da: bertsoaren inguruan egin du bizi guztia. Antolakuntza taldean eman du gehien, etenik bako isilpeko beharrean. Gaur, abuztuak 4, egingo diote azken agurra, Gernika-Lumoko Izaro beilategian, 20:00etan.

Enbeitatarra: familia bertsozalekoa, inondik inora. Txikitan bertsotan ibilitakoa da Ardatz: Bizkaiko eta Euskal Herriko eskolartekoetan kantatu zuen, besteak beste. Baina agertokitik kanporako beharretan be asko emandakoa da: Bizkaiko Bertsozale Elkartean inplikatutako pertsona eta antolakuntza taldean urte asko egindakoa. 'Bertsozale' titulua izenaren alboan handian idatzi behar zaien horretakoa.

Gaixotasun baten ondorioz, atzo joan zen Ardatz. Azken agurra gaur emango diote Gernika-Lumoko Izaro beilategian, 20:00etan.

Bizkaiko Bertsozale Elkarteak dolumin sentituenak eman nahi dizkio Ardatzen familia osoari.

Zergatik bihurtzen dan
bizitzea aldats,
igurtzirik leunena
gero gomuta latz,
arrazoiz kanpo dago
ulertzen hain da gatx!
Agorrilak zaroaz
ez dakigu norantz…
Betidanik gugaz ta
betirako ARDATZ.