Zirtoarekin egin duen lanketa aurkeztu du Harituzek

2020/10/07
Kilometroek eta Mintzolak elkarlanean deitutako Pello Mari Otaño bekan saridun izan zen "Aiztondoren zirtotsa. Aiztondoko zirto tradizioa eta aplikazio didaktikoa" lana.

Zizurkilen elkartu ginen Pello Mari Otaño beka deialdiak eman duen uzta ezagutzeko. Aiztondoko ahozko ondarearen ikerketa eta dibulgazioa zuen helburu deialdiak, eta Harituz Tolosaldeko Bertsozaleen Elkarguneko zenbait kidek aurkeztutako lanak eskuratu du saria: Aiztondoren zirtotsa. Aiztondoko zirto tradizioa eta aplikazio didaktikoa lanak lortu du 3.000 euroko saria.

Pasadizo umoretsuetan agertu ohi den bat-bateko erantzun laburra da zirtoa, erriman oinarritu ohi dena. Ahozko genero hau balioan jarri nahi du ikerlanak: Aiztondo bailarako (Gipuzkoa) zirto tradizioa bildu, aztertu eta berau ikastetxeetan eta bestelako hezkuntza espazio zenbaitetan irakasteko proposamena egin dute proiektuaren egileek.

Kilometroak Kultur Elkarteak eta Mintzola Ahozko Lantegiak antolatu dugu deialdia, Amasa-Villabonako eta Zizurkilgo Zubimusu Ikastolaren eta Zizurkilgo Hernandorena Kultur Elkartearen babesarekin.

Informazio gehiago, hemen.

Harituzeko kideak zirtoaren adibideak ekarri zituzten aurkezpenera. / XDZ