Zer berri aste honetan Bertsoa.eus atarian?

2019/09/23
Ahalduntze bertso-eskolaren inguruan arituko zaizkigu Bertsozale Elkarteko antolatzaile zein bertsolari eta gai-jartzaile parte-hartzaileak, besteak beste.

Pasa den ostiralean amaitu zen Bertsozale Elkarteak hauspotu dituen bertso-eskola feministetan izena emateko epea. Lehen ikasturtea izango du Gizonezkoen Bertso Eskola Feministak; bosgarrena, aldiz, Ahalduntze Bertso Eskolak. Orain arteko bidearen inguruan aritu dira, Bertsoa.eus atarirako, Bertsozale Elkartetik Ahalduntze Bertso Eskolaren antolaketa lanetan aritzen den Ixiar Eizagirre, saioak gidatzen dituen Ainhoa Aranburu eta taldean parte hartzen duten Amaia Iturriotz eta Maider Arregi. Aste honetan ikusi eta entzungo dugu laukotea.

Halaber, bertsoaldiak ere izango dira; oraingoan Berara eta Galdakaora eramango gaitu sareko plazak. Beran izan ziren Aitor Mendiluze, Josu Sanjurjo, Maddalen Arzallus eta Oihana Iguaran; Ainhoa Larretxeak gidatu zuen saioa. Galdakaon, Julio Soto, Maialen Lujanbio, Onintza Enbeita eta Sustrai Colina aritu ziren, eta Arkaitz Estiballesek jarri zituen gaiak.

Aste on!