Zarauzko eta Alegiako gaztetxeetako saioak, Bertsoa.eus atarian

2018/02/27
Bertso sariketa ugari daude martxan azkenaldion eta horien berri ere izango duzu sareko plazan.

Alegiako gaztetxeak 30 urte bete ditu eta ospakizunen baitan zegoen pasa den ostiralean egindako bertso saioa ere. Iker Iriarte gai jartzen zela, Alaia Martin, Andoni Egaña, Beñat Gaztelumendi, Jon Maia eta Oihana Iguaran aritu ziren bertsotan. 150 bertsozale bildu ziren, eta tartean baita Bertsoa.eus-eko kamerak ere. Bertsoaldien hautaketa sarean duzue ikusgai. Bestalde, larunbatean Bertso Eguna gauzatu zen Zarauzko Azken Portun. Eguna Putzuzulo gaztetxean amaitu zuten bertsozaleek eta festazaleek: bertso saioa egin zen han Agin Laburu, Amets Arzallus, Beñat Jauregi, Eneritz Artetxe, Iker Zubeldia eta Oihana Iguaran kantuan zirela, Beñat Intxauspe gai-jartzailearen esanetara. Bertso horiek ere aste honetan izango dira Bertsoa.eus-en.

Bertsoaldi gehiago ere izango dira eskura: Arabako Bertso Kuadrilla Artekoa finalaurrekoetan da eta Amurrion egin zen bigarren finalaurreko saioko bertsoaldien hautaketa ere sarean izango da aste honetan.

Bestalde, Martxoan Bertsoa ekimenaren, BBK Sariketaren eta Bizkaiko Eskualdeetako txapelketaren berri emango du sareko plazak.

Aste honetan ere sartu www.bertsoa.eus atarian!

Alegiako gaztetxean izan zen saioa pasa den ostiralean.