<!DOCTYPE html> Zabalik da Bertso Udalekuetarako izen-ematea — Bertsozale Elkartea

Zabalik da Bertso Udalekuetarako izen-ematea

2017/03/13
Bertso-eskolako kideek eta gurasoren bat Bertsozale Elkarteko kide dutenek izango dute izena emateko lehentasuna gaur hasi eta martxoaren 24ra arte; gainerakoek, martxoaren 30etik aurrera.

Orio, Irañeta, Bidarrai, Muxika eta Zuhatza izango dituzte aukeran Bertso Udalekuetan parte hartu nahi duten gaztetxoek. Gaur abiatuko da izen-ematea bertso-eskolako kide direnentzat edota gurasoren bat Bertsozale Elkarteko bazkide dutenentzat eta lehentasuna izango dute martxoaren 24ra arte; gainerakoentzat, martxoaren 30ean zabalduko da izena emateko aukera.

Bi eratara egin daiteke matrikula: www.bertsozale.eus webgunearen bidez, Bertso Udalekuen gunean topa daitekeen formularioa betez, edota telefonoz 943 69 41 29 zenbakira deituta. Behin izena emanda eta txandak osatuta, apirilaren 21a baino lehen emango zaie erantzuna izena eman duten guztiei.

Bertso Udalekuetan izena emateko formularioa, hemen

Egonaldi bakoitzak bere kokalekuaren arabera ezaugarri propioak ditu, baina guztietan izango da bertsolaritzaz gozatzeko aukera, Udalekuetako diskoa grabatuko da eta jolasak ez dira faltako, noski! Era berean, egonaldiak epe ezberdinetan gauzatuko dira eta adin tarte ezberdinetarako daude egokituta: txanden inguruko informazio osoa topa dezakezu, hemen.

20. urteurrena beteko dute aurten Bertso Udalekuek. "Zoragarria da euskalkien aniztasuna eta horrek harremanetan sortzen duen aberastasuna (...) errespetua, entzute aktiboa, elkartasuna, enpatia eta bereziki hezkidetza eta genero ikuspegia lantzen dira. Gainera, adinaren arabera egokitutako jolas, eztabaida edota gogoeten bitartez ere lantzen dira balioak: sormena, autoestimua, norbera izatea, taldearen garrantzia, eta abar", azaldu du Esti Alberdi Bertso Udalekuen koordinatzaileak BertsoZalea berripaperean egindako elkarrizketan, eta gaineratu: "Udalekuetan egindako ezagunek eta lagunek harreman paraleloa eraikitzen dute, muga guztien gainetik luzaro irauten duena". 

Irañetako taldea, 2016.