Zabalik da Bertso Udalekuetan izena emateko bigarren epea

2017/03/30
Aurrez iragarri bezala, gogoan izan Bidarraiko egonaldian eman ahal izango dela izena soilik.

Bertso-eskolako kideentzat edota gurasoren bat Bertsozale Elkarteko bazkide dutenentzat izena emateko lehentasuna amaituta, Bertso Udalekuetan izena emateko aukera zabaldu zaie gainerako gaztetxoei.

Aurrez iragarri moduan, lehen deialdiak izan duen arrakasta ikusita, bigarren epe honetan Bidarraiko egonaldian eman ahal izango da izena soilik17-18 urte bitartekoei zuzendutako egonaldia da Baxenabarrekoa, eta uztailaren 22tik 31ra gauzatuko da. Honetan ere leku gutxi batzuk daude, beraz, mugi! Apirilaren 6ra arte izango da izena emateko aukera.

Hala, epeak aurreratu eta apirilaren 7rako jakinaraziko zaie izena eman dutenei Bertso Udalekuetaz gozatzeko aukera izango duten (hautaketarako lehentasun irizpideak izen-emate orrian bertan topa daitezke), zein den taldeen osaketa eta lekua erreserbatzeko prozedura zehaztuko zaie.

Izena eman nahi? bete formularioa hemen edota deitu Bertsozale Elkartera (943 69 41 29) 

Iaz, Bidarraiko taldea.