XILABAko finalaren atarian, Hitzetik Hortzera

2021/11/04
Azaroaren 13an jokatuko da Donibane Lohizunen 2021eko XILABAko finala, eta aste honetako programan, Maule-Lextarren, Bardozen eta Izpuran jokatutako finalaurrekoen hautaketa eskaintzeaz gain, Andoni Iturrioz aurtengo txapel-emailea ezagutuko dugu. Hitzetik Hortzera: larunbatean, ETB1en.

2020an bertan behera gelditu ondoren, aurtengo irailaren 18an ekin zitzaion berriz XILABAri, Xiberoa, Lapurdi, eta Baxenabarreko Bertsulari Xapelketari. Aurreneko fasean lau kanporaketa egin ondoren, Maule-Lextarren, Bardozen eta Izpuran jokatu ziren final aitzineko saioak. Hiru saio horietako hautaketa txiki batez gozatzeko aukera izango dugu aste honetako Hitzetik Hortzeran.

Azkenean sei bertsolarik lortu dute datorren larunbatean Donibane Lohizuneko Jai Alain jokatuko den finalean kantatzeko txartela: Amets Arzallus, Odei Barroso, Maddalen Arzallus, Miren Artetxe, Maddi Ane Txoperena eta Patxi Iriart.

Oraindik ezin da jakin norentzat izango den txapela, bai, ordea, nork jantziko dion. Andoni Iturrioz izango da aurtengo txapel-emailea, eta, horrela, urte luzetan borondatez emandako laguntza isila aitortu eta eskertu nahi izan dio Bertsularien Lagunak elkarteak Iturriozi. Izan ere, besteak beste, Senpereko Larraldea etxea uzten die hainbat kultur elkarteri, tartean Bertsularien Lagunak elkarteari. Bertan hartu gaitu gu ere eta Larraldea etxeaz, finalaz, bertsolaritzarekin eta euskararekin duen harremanaz, eta askoz gehiagoz solas egiteko aukera izango dugu.

Ez galdu Hitzetik Hortzera: larunbatean, 21:00etan, ETB1en; eta edonoiz, EITB Nahieran atarian.

Andoni Iturriozekin elkartu da Eider Senpereko Larraldea etxean.