Xilaba txapelketak hartu du BertsoZalearen azala

2016/09/22
Udako etenaldiaren ondotik, berripaperaren 176.zenbakia kalean da.

Digitala bazkideen esku artera iritsita, paperezko alea bere bidea egiten ari da. Oporretatik itzuli da BertsoZalea ere, eta iraileko alea prest da. Geure antzera, begi bat udazkenera begira du aleak baina bestea udan jazotakoari so.

Larunbatean hasiko da Donibane Lohizunen Xilaba Bertsulari Xapelketa.15 bertsolari ariko dira lehian azaroaren 12ra arte; orduan jokatuko da finala Baionako Lauga gelan. Txapelketaren inguruko xehetasunak eta egutegia dakartza berripaperak bere azalean.

Udazkenerako bakarrik ez, eta ikasturte osorako proposamena da Ahalduntze Bertso-eskola. Bertsolari bezala aurrera egin nahi duten emakumeentzat lagungarri izateko sortu zen bertso-eskola hau iaz eta, esperientzia aberasgarriaren ostean, bigarren urtez antolatu dugu. Bestalde, sormena gako duen ekimena jarri du abian Lankuk: Lanku Beka. Bertsoa oinarri duten emanaldi berriak sortu eta garatu beharko dituzte interesdunek eta horien artean bi sari banatuko dira.

Begirada uztailera ere joango zaigu: Europa bat-batean egitasmoaren muina izan zen uztaileko topaketa eta laburbiltzen duen argazki bilduma dakar aleak.

Gainera, koplek, poto-finixak, Sergio Hernandez Txentxoren puntuak eta Unai Mendizabalek Lizardi Sarian botatako agurrak osatzen dute iraileko BertsoZalea. Datorren hilean, gehiago.

Irakurri hemen!

Udazkenera begira baina uda ahaztu ezinik, 176.zenbakia