XILABA Bertsulari Txapelketako finala, Hitzetik Hortzera

2021/11/11
Larunbat arratsaldean jokatuko da Xiberoa, Lapurdi eta Baxenabarreko txapelketaren azken saioa Donibane Lohizuneko Jai Alain. Biharamunean finaleko bertsoaldiak eta txapeldunaren hitzak bilduko dituen Hitzetik Hortzera bereziaz gozatzeko aukera izango dugu. Igandean, 15:00etan, ETB1en.

2020an bertan behera gelditu ondoren, aurtengo irailaren 18an ekin zioten berriz XILABAri, eta lau kanporaketa eta hiru finalerdi igaro ondoren heldu da azken geltokira txapelketaren trena. Txapelduna nor izango den larunbatean erabakiko da.

Sei bertsolari hauek lortu dute datorren larunbatean Donibane Lohizuneko Jai Alai pilotalekuan jokatuko den finalean kantatzeko txartela: Amets Arzallus, Odei Barroso, Maddalen Arzallus, Miren Artetxe, Maddi Ane Txoperena eta Patxi Iriart. Aurkezle lanak Aritz Bidegainek eta Amaia Kastorenek egingo dituzte. 17.00tan hasiko da finala.

Finaleko giroa, bertsoaldi onenak eta txapeldunaren hitzak bilduko ditu igandeko programak. Gogoratu: igandean, 15:00etan, Hitzetik Hortzera ETB1en.

Finalaren zuzeneko emankizuna

Gainera, larunbatean bertan ere jarraitu ahal izango da finala Euskal Telebistan. 16:55ean hasita, zuzenean eskainiko da ETB4 katean, eta finalaren amaiera ETB1en ere eskainiko da gaueko albistegiaren ondotik. Ilaski Serranok aurkeztuko du emankizuna, eta ondoan izango du Nahia Sasco bertsolaria iritzi-emaile lanetan.

Larunbatean izango den finaleko bertsoaldiekin osatuko da igandeko programa.