<!DOCTYPE html> Xenpelar Dokumentazio Jardunaldiak, azaroaren 20 eta 27an — Bertsozale Elkartea

Xenpelar Dokumentazio Jardunaldiak, azaroaren 20 eta 27an

2014/11/12
Euskal Herrian zehar sortutako dokumentazio gaiei buruzko gogoetak bultzatu eta plazaratu asmoz antolatu dira jardunaldiok. Urtero izateko asmoz sortu dira eta lehenengo edizio honetan euskal antzerkiaren dokumentazio beharrak izango dira hizpide. Azaroaren 20an euskal antzerkiaren inguruko funtsak dituzten liburutegi eta dokumentazio profesionalen arteko jarduna egingo da Donostiako Koldo Mitxelena kulturunean. Azaroaren 27an, aldiz, euskal antzerkiaren inguruko sortzaile eta eragileek dokumentazio alorrean dauden beharrei buruzko gogoeta egiteko mahai ingurua izango da. Jardunaldiak doakoak eta irekiak dira interesa duten ororentzat.

Xenpelar Dokumentazio Jardunaldiak

Xenpelar Dokumentazio Jardunaldiak urtero izateko asmoz sortu dira, dokumentazio alorraren inguruko eta, bereziki, Euskal Herriko dokumentazio gaien inguruko gogoetak bultzatu eta ezagutarazteko helburuarekin.

Euskal Herriko Bertsozale Elkarteak orain dela hogeita hiru urte egindako apustuaren emaitza ikusi daiteke gaur egun Xenpelar Dokumentazio Zentroaren bidez, eta egunez egun berritzen doan bertsolaritzaren beharrei erantzuten die.

Urte hauetan izandako esperientziatik abiatuta, Euskal Herrian zehar sortutako dokumentazio gaiei buruzko gogoetak bultzatu eta plazaratzeko helburuarekin antolatuko dira Xenpelar Dokumentazio Jardunaldiak, dokumentazio alorreko profesionalen arteko ezagutza eta esperientzia trukeen bidez elkar aberastu eta gaiak bideratzen laguntzeko.

2014ko jardunaldien gaia: Euskal Antzerkiaren Dokumentazioa

Lehenengo edizio hau Mintzola Fundazioaren Elkarguneko egitasmoaren inguruan antolatu da eta euskal ahozko sorkuntzek dituzten dokumentazio beharren inguruko gogoeta bultzatu eta zabaldu nahi du. Horregatik hain zuzen ere, aurtengoak euskal antzerkiaren dokumentazio beharrak izango ditu hizpide. 

Xenpelar Dokumentazio Jardunaldien lehenengo edizio hau Euskal Antzerkiaren Dokumentazioaren inguruan antolatu da, Mintzola Fundazioak duen Ahozko Sorkuntzen Elkargunea atalari lotuta, hain zuzen ere. Mintzolaren Ahozko Elkarguneak bizirik dauden ahozko sorkuntzen topaketa eta elkar-ezagutza bultzatzeko laborategi bat  izan nahi du, eta, besteak beste, Xenpelar Dokumentazio Zentroak dokumentazio mailako aholkularitza eta tresneria eskaintzen ditu beste ahozko sorkuntzen dokumentazio egitasmoetan lagungarri izateko.

Arte sorkuntzei buruzko ondarea bildu, antolatu eta publikoaren esku jartzeak berebiziko garrantzia du sorkuntza hori biziberritu eta geroratzeko: Aurretik egin dena ezagututa berria sortzeko, artista gazteei transmititzeko, ikertzeko, hedatzeko, …. Guzti hori ahalbidetzeko dokumentazio egitasmo eraginkorrak behar dira.

Helburu horri lotuta, Euskal Herriko Antzerkizale Elkartearen lehentasunekin bat eginda antolatu dira aurtengo Xenpelar Dokumentazio Jardunaldiak “Euskal Antzerkiaren Dokumentazioaren” inguruan.

Euskal Herriko Antzerkizale Elkartea

Euskal Herriko Antzerkizale Elkartea (EHAZE) 2010eko ekainean sortu zen eta Euskal Antzerkiaren Dokumentazio Zentroa hasierako helburu estrategikoen artean kokatu zen. Helburu hau lortzeko bidean elkarlanean egindako jardunaldi hauek garrantzitsuak dira elkartearentzat.

Euskal Herriko Antzerkizale Elkarteak 2013an eta 2014an Eusko Jaurlaritzaren “Euskalgintza” diru-laguntza deialdian euskal antzerkiaren inguruan dagoen material guztiaren inbentarioa egiteko egitasmoa proposatu zuen. Ezezko erantzuna jaso arren, aurrera jarraitu beharra ikusi da eta Usurbilgo Topa Eszenikaren harira, aurtengo irailean, “Euskarazko Antzerkiaren Dokumentazio Zentrua” egitasmoaren bide-orri propioa diseinatu da.

Dokumentazio egitasmoaren oinarria elkarlana dela behin eta berriz azpimarratu da, bai besteen esperientziak ezagutzeko eta baita atxikimenduak lortze aldera gure eskakizunak indar handiagoa izan dezan. Euskal Herriko Antzerkizale Elkarteak ez du uste orain arte jasotako ezetzak proiektuaren interes faltagatik denik, baizik eta elkartea bera momentuz eta bere horretan txikia delako baizik.

Antolatzaileak

2014ko Xenpelar Dokumentazio Jardunaldien antolatzaileak Mintzola Fundazioa, Euskal Herriko Antzerkizale Elkartea (EHAZE), eta Koldo Mitxelena Liburutegia (KMK) dira, Artxibategi, Liburutegi eta Dokumentazio Zentroetako Profesionalen Euskal Elkartearen (ALDEE) laguntzarekin.

 Egitaraua

 “Euskal antzerkiaren funtsak liburutegi eta artxibategietan”
Azaroak 20, osteguna.
Koldo Mitxelena Liburutegiaren egoitza (Donostia).
Goizeko 10:30ean

Euskal antzerkiaren inguruko funtsak dituzten liburutegi eta dokumentazio profesionalen arteko jardunaldia izango da. Erakunde bakoitzak dituen funtsen berri emango da eta ondorengo mahai-inguruan, euskal antzerkiaren inguruan eskaintzen diren zerbitzuak nola hobetu gogoetatuko da. 

  •      Baionako Mediateka eta Euskal Museoko Liburutegia. 

Marie-Andrée Ouret eta Marie-Hélène Déliart.

  •      Euskaltzaindia. Azkue Liburutegia. 

Pruden Gartzia.

  •      Euskal Kultur Erakundea. 

Pantxoa Etchegoin.

  •      Koldo Mitxelena Liburutegia. 

Sorne Matxinena eta Frantxi Lopez Landatxe.

  •      Sabino Arana Fundazioa. Euskal Abertzaletasunaren Agiritegia. 

Iñaki Goiogana.

  •      Su Azia.

Maddi Oihenart.

 

 “Euskal antzerkiaren dokumentazio beharrak”
Azaroak 27, osteguna.
Xenpelar Dokumentazio Zentroaren egoitza, Subijana Etxea (Amasa-Villabona).
Arratsaldeko 18:30ean

Euskal antzerkiaren inguruko sortzaile eta eragileek dokumentazio alorrean dauden beharrei buruzko gogoeta eta mahai ingurua egingo dute, euskal antzerki sorkuntza eta garapenean lagundu dezaketen dokumentazio beharrak plazaratuz. 

  •      Jaime Valverde. Antzerki kritikaria. Euskal Herriko Antzerkizale Elkartea.
  •      Ixabel Etxeberria. Ikerlaria eta euskal antzerkian doktorea.
  •      Mikel Martinez. Antzerki sortzaile eta antzezlea. Tartean Teatroa.
  •      Oier Guillan. Antzerki sortzaile eta antzezlea. Metrokoadroka Sormen Laborategia.

Garazi Lopez de Etxezarreta, Eñaut Gantxegi eta Beñat Gaztelumendi Xenpelar Dokumentazio Jardunaldien aurkezpenean