Xabi Paya izango da aste honetako Hitzetik Hortzerako gonbidatua

2026/05/14
Bertsolari algortarraren lanak izango dituzte hizpide solasaldian. Durangoko eta Zarauzko saioetako bertsoaldiak ere izango dira larunbateko programan.

Xabi Paya Ruiz bertsolariarekin elkartuko dira Hitzetik Hortzerako lagunak aste honetan. Azken urtetan antzerkigintzari lotuta dabil bertsolari algortarra: hainbat antzerki lan idatzi ditu eta horietako gehienak bertsoarekin lotura zuzena dute.

Cafe Bar Bilbao antzerki saria irabazi du berriki Ganbarako lana antzezlanagatik. 2001eko Txapelketa Nagusiko ganbarako gaia (orduan kartzelako gaia) hartu zuen abiapuntutzat: «Aturritik Ebrora herri bat badela belodromoa izan liteke lekuko. Urte asko daramatzazu zuk nahi baino tristura gehiago ikusiz. Zure ondorengoentzat beste zerbait nahi zenuke». Momentu horretan bertsolari baten buruan gertatzen dena eraman du antzerkira.

Gabarako lana antzerkiari buruz hitz egiteaz gain, Izeba Txirrita ere izango dute hizketagai Payak eta Mirari Martiarena Iraolak, hura ere algortarrak idatzitakoa da eta. Udalbiltzaren Geuretik Sortuak ekimenaren baitan sortutako obra da: 1936ko altxamendu frankistan abiatutako bidaia da, Agin Laburu Rezolaren bertso sorta batean oinarritutakoa. Bertsoa oso presente duen antzezlana da, eta memoria kolektiborako ariketa bat egiteko baliatzen da.

Bertsoari buruz ere hitz egingo dute programan Xabi Payarekin: gaur egun bertsoarekin duen harremanaz arituko dira, baita bere egunerokoan bertsoak duen lekuaz ere.

Bertso jarriak, Unai Andaren eskutik

Elkarrizketaz gain, bertso jarriek ere lekua hartuko dute aste honetako programan. Unai Anda Delikak idatzitakoak izango dira oraingoan, eta nostalgiaren kontrako sorta izango da. Ohi bezala, Manex Pagola Apezetxea izango du musikarekin lagunduz.

Zarauzko jaialdia eta Durangoko 1tz4l1 eta P1ztU emanaldiak, entzungai

Astero bezala bertsoaldiak entzuteko beta ere izango da Hitzetik Hortzeran.

Alde batetik, Motxian Bertso Eskolak Zarauzko Modelo Aretoan antolatutako bertsoaldiak izango dira. Jone Lizarralde Ibabe gai-jartzaileak gidatu zuen saioa eta bertsotan aritu ziren Beñat Gaztelumendi Arandia, Ekhiñe Zapiain Arlegi, Iñigo Mantzizidor Larrañaga Mantxi, Jone Uria Albizuri, Maddi Ane Txoperena Iribarren eta Maialen Lujanbio Zugasti.

Beste alde batetik, 1tz4l1 eta P1ztU bertso saio elektronikoa ikusteko aukera izango dugu. Durangoko Plateruenan egin zen eta Aroa Arrizubieta Barredo, Ekhiñe Zapiain Arlegi, Miren Artetxe Sarasola eta Nerea Ibarzabal Salegi aritu ziren bertsotan. Gai-jartzaile lanak Ainhoa Urien Telletxek egin zituen eta Aner Peritz Manterola eta Manex Pagola Apezetxea arduratu ziren musikaz.

Hitzetik Hortzera: larunbatean, 21:00etan, ETB1en.