"Uste dut esparru txikitan jarraitu behar dugula lanean elkartetik"

2021/06/23
UPV/EHUko Uda Ikastaroen baitan Miramar Jauregian izandako "Pandemia garaiko kulturgintza: egoera eta erronkak" ikastaldian izan da Beñat Gaztelumendi Bertsozale Elkarteko Zuzendaritzako kidea.

"Bertsolaritzaren gizarte mugimendua geldirik ez da inoiz egon herriz herri egon den sareari esker". Honela azpimarratu du Beñat Gaztelumendi Bertsozale Elkarteko Zuzendaritzako kideak pandemia garaian bertso-eskolek eta bertsolaritzaren aldeko eragileek egin duten lana. Donostiako Miramar Jauregian izan da, Mintzola Ahozko Lantegiak UPV/EHUko Uda Ikastaroen baitan ekainaren 21ean eta 22an gauzatu duen Pandemia garaiko kulturgintza: egoera eta erronkak ikastaroan.

Pandemiak bertso plazara ekarritako ondorio nabarmenenak mahairatu ditu Gaztelumendik: "Bi taldetan izan du batez ere eragina: otordu bueltan aritzen diren bertsolariengan eta gazteengan, gune informaletan egiten baitituzte lehen plazak". Bestalde, antolatzaile motak ere aldatu direla azaldu du: "Bertsolaritza tresna edo bitarteko bat bezala ikusi duenik ere badago; gizartean bestelako eragina egiteko". Gainera, bide horretan, aurretik bertsozalea ez zen jendea erakarri dela esan du; emakume bertsolariek osatu dituzten bertso saioekin, esate baterako.

Elkarteak hezkuntzan eta ikerkuntzan lanean jarraitu zuela ere gogora ekarri du: "Plazak erori ziren, eta sortzaile asko diru iturririk gabe geratu ziren. Horren aurrean, elkartearen lehendabiziko gogoeta izan zen plazan aritzen diren bertsolariei baliabideak ematea".

Kulturgintzaren alorrean, pandemiak beste modu batera aritzen hasteko aukera eragin zezakeela aipatu du, baina bere inpresioa bestelakoa dela: "Ez dakit ez ote ari garen ebento handietan oinarritutako kultura batera itzultzeko nahian ari: sentsazioa badaukat zentzu horretan kulturalki akats bat egiten ari garela. Uste dut esparru txikitan lanean jarraitu behar dugula Bertsozale Elkartetik".

Sortzailearen ikuspuntua, Oihana Iguaranek

Bertsozale Elkarteko ordezkari gisa aritu da lehen egunean Beñat Gaztelumendi eta bertsolariaren zapatetan jarri gaitu Oihana Iguaranek.

Bere gorputzetik pasatakoa kontatu du Iguaranek, sortzaileek garaiotan bizitakoa irudikatu ahal izateko. Kolpetik agendan saioak atzeratzen edota bertan behera geratzen ikusi zituzten. Pandemiaz harago, beste egoera pertsonal bat ere bazen tartean garai horretan: "Aurreikusia nuen udan geldirik egongo nintzela, ekainerako alaba espero nuelako.  Kasu honetan, zorionez, nik erabakitakoa zen eta haurdunaldi bat, baina zintzoki onartu behar badut etenaldia hartzearen erabakia beldurrez hartu nuen; barruan gertatzen diren kezkak dira". Udaberriko saioak atzeratzeak udan ezin egitea ere bazekarren, bere kasuan.

Kolpea iritsi berritan sormen lanak dohainik egiteko jasotako proposamenez ere aritu da Iguaran: "Eskaera egiteko gerturatzeko modua zen…niretzat garrantzitsua zen jakitea ekarpen horren balioa zein zen, eta ez naiz tarifaz ari".

Bertsozale Elkarteak emandako erantzuna nabarmendu du Iguaranek: "Bertsozale Elkarteak arnas moduko bat eman zigun: Administrazioa bere diru-laguntzak antolatzen ari zen bitartean, elkartea antolatzaileei eta sortzaileei begira zein baliabide eman pentsatzen ari zen". Tokian tokiko bertso-eskolen lana ere azpimarratu du berak.