Urriaren 24an egingo da Euskal Herriko Eskolartekoa

2021/10/07
Abadiñon izango da, 11:30ean hasita. Lurraldeetako eskolarteko txapelketetatik sailkatutako hamaika bertsolarik hartuko dute parte. www.bertsosarrerak.eus atarian eskura daitezke sarrerak.

Udaberrian Eskolartekoaren saguzarrak abiatutako hegaldia udazkenean amaituko zela iragarri genuen, eta jada badaukagu hitzordu zehatza: 33. Euskal Herriko Eskolartekoa urriaren 24an izango da Abadiñon. Saioa 11:30ean hasiko da herriko probalekuan, eta sarrerak jada eskuragai daude www.bertsosarrerak.eus atarian.

Eskuratu sarrerak!

Lurraldeetako eskolartekoetan sailkatutako hamaika bertsolarik hartuko dute parte: Arabatik, Maddi Agirre Epelde eta Eukene de los Aires Amundarain; Bizkaitik, June Diaz Franco eta Janire Arrizabalaga Munduate; Gipuzkoatik, Ekain Tolaretxipi Errazti eta Naia Arrizabalaga Arrieta; Lapurditik, Haira Aizpurua Ibargarai eta Oneka Arteaga Olasagasti; Nafarroatik, Beñat Astiz Isasi eta Eki Mateorena Zozaia; eta Zuberoatik, Aetz Etxart Sarasola.

Ikastolen Elkarteak eta Bertsozale Elkarteak antolatzen dugu Eskolarteko Bat-bateko Bertsolari Txapelketa. Gazteei jendaurrean bat-batean jarduteko aukera ematea du helburu, eta baita haurrak eta gazteak entzulearen aulkitik zaletzea ere.

Saratik Abadiñora

2019an egin zen aurreko Euskal Herriko Eskolartekoa. Saran egin zen orduan eta hirurtekoa beteta, beste herri batera mugitzerako iritsi zen pandemiaren mehatxua. Iaz Eskolartekoa egin ahal izan zen lurraldeetan, baina ondoren, Euskal Herrikoa egiteko zeuden zailtasunak tarteko, Eskolatik Plazara ekimena antolatu zen haren ordez, lurraldeetako eskolartekoetatik sailkatutako bertsolari gazteek jendaurrean kantatu zezaten. Udazkenean bada ere, 2021ean, honenbestez, itzuliko da Euskal Herriko Eskolartekoa.

Saran egin zen aurreko Eskolartekoa 2019an. / XDZ