Unax Aizpuruak irabazi du Euskal Herriko Eskolartekoa
Goizean goizetik sumatzen zen mugimendua Arantzan. 11:30ak hurbildu ahala, bertsozaleak aulki hutsak betez joan dira, eta azkenik, iritsi da ordua. Bozgorailuetatik Ekain Alegre Gilek konposatutako sintonia berria eta bertsozaleak txaloka. Ilaran sartu dira oholtzara bidean bertsolariak Ekhiñe Zapiain Arlegi eta Eki Mateorena Zozaia gai-jartzaileen atzetik, eta zozketak erabakitako ordenan eseri dira: Kattin Madariaga Apaolaza, Jon Abasolo Sarralde, June Astegieta Unzaga, Maia Ortiz de Zarate Idiakez, Adei Urbitarte Ayestaran, Kattalin Arabolaza Palomo, Nahia Etcheverry Lopepe, Iradi Barrenetxea Akesolo, Gana Berhokoirigoin Zubeldia, Johane Larre Salaberri, Unax Aizpurua Ibargarai, Kattalin Lizarraga Mendia, Leina Alkhat Larrandaburu.
Bertsolariak kantuan eta epaileak ere lanean. Hurrengoak izan dira gaurkoan aritu direnak: Amaia Telletxea Larretxea, Ainhoa Arregi Elosua, Aitor Jimenez Tolosana, Unai Muniain Caballero eta Zuhaitz Olazabal Superregi; idazkari lanean, Ainhoa Goñi Castañares aritu da.
Hasierako agurren ostean, saioaren lehen atala hasi da: lehendabizi, zortziko handiko ariketan bina bertso osatu dituzte eta jarraian bina bertso zortziko txikian. Lehenengo atala bukatu denean, sei bertsolari sailkatu dira bigarren atalera: Iradi Barrenetxea Akesolo, Kattalin Arabolaza Palomo, Kattalin Lizarraga Mendia, Kattin Madariaga Apaolaza, Nahia Etcheverry Lopepe eta Unax Aizpurua Ibargarai. Banaka aritu dira atal honetan: lehendabizi lehen puntua emanda, bertso bat osatu behar izan dute zortziko txikian; gero, bertso bat osatu dute gaia emanda, gehienez bost puntuko neurrian.
Estitxu Arozenak jantzi dio txapela Aizpuruari
Bertsolariek lan puntuagarriak osatuta, iritsi da epaileen akta: 2026ko Euskal Herriko Eskolarteko txapelduna: Unax Aizpurua Ibargarai eta txapeldunordea Kattalin Lizarraga Mendia. Estitxu Arozena Albizuk jantzi dio txapela Aizpuruari, bertsozaleen txalo artean.
Hainbat sari jaso dituzte bertsolariek. Hasteko, udazkenean egingo den Ahots Bat Sormen egonaldian parte hartu ahalko dute finalistek. Antzerkian, kantugintzan eta literaturan ari diren gazteak ezagutu ahalko dituzte, sormen adierazpide horiekin jolasean gozatzen duten bitartean. Jarraitzeko, abenduan jokatuko den Euskal Herriko Bertsolari Txapelketako finalerako sarrera ere jaso dute. Azkenik, liburu bana eskaini zaie: Maddi Ane Txoperenaren Zaldi bat edo Oihana Aranaren Zerua hemen liburuak.
Sari banaketa ekitaldian hainbat lagunek parte hartu dute: Bittor Elizagoien Etxegarai Bortzirietako Bertso Eskolarten sortzaileetako batek; Irati Alcantarilla Urdanpilleta Bertsularien Lagunak Elkarteko irakasleak, Nekane Artola Labordeta Ikastolen Elkarteko lehendakariak, Oier Iurramendi Etxeberria Euskal Herriko Bertsozale Elkarteko koordinatzaileak eta Peru Abarrategi Sarrionandia Arabako Bertsozale Elkarteko irakasleak.
Ikastolen Elkartearekin elkarlanean antolatzen den XXXVIII. Eskolartekoa izan da gaurkoa.