Unax Aizpuruak irabazi du Euskal Herriko Eskolartekoa

2025/06/14
Arantzan izan da saioa eta herrialde guztietako 13 bertsolari aritu dira kantuan. Bertsozale asko gerturatu dira eta giro ona gailendu da.

Goizeko 11:30ak. 13 gazteak oholtzarako bidea egin dute txalo artean. Bidea zabaltzen Ekhiñe Zapiain Arlegi eta Josu Txoperena Iribarren, biak eskuz esku aritu dira aurkezten eta gaiak jartzen. Ez dira izan gaur izan dituzten bidelagun bakarrak, Oihana Arana Cardenalek eta Saioa Alkaiza Guallarrek harrera egiteaz gain,  ganbaran zaindari izan dituzte eta.  

Arantzako frontoian hartu dute aterpe bertsozale eta bertsolariek; jendetza bildu da. Hogeita bira iristeko inolako behar eta nahirik gabe, tanto ederrak uzteko gaitasuna erakutsi dute gazteek hasierako agurretatik hasita. Gozatzera etortzeko gogoa azpimarratu dute askok, baita, bertsoak horixe ematen dietela: gozamena. Disfrutatzeko gogoz ekin diote saio puntuagarriari. 

Zozketak hala erabakita, ondorengo hurrenkeran eseri dira bertsolariak: Kattin Madariaga ApaolazaGoizane Etcheverry LopeteEnara Gallastegi BarrenetxeaJokin Onaindia ElexpuruSuhar Gesala EgigurenNahia Etcheverry Lopete, Amaiur Aizpuru EskisabelEgiar Otegi TorresKattalin Lizarraga MendiaUnax Aizpurua IbargaraiLeina Alkhat Larrandaburu, Ekhi Zuluaga Intxaurbe eta June Asastegi Unzaga

Saioaren lehen atalean, binaka aritu dira. Lehendabizi, gaia emanda, bina bertso abestu dituzte zortziko handian; eta, jarraian, bina bertso zortziko txikian. Elkarrizketa jostari eta ondo josiak izan dituzte, eta rol anitz gorpuztu dituzte: gelakideak izan dira, guraso bananduen seme-alabak, aitatxi eta amatxi, herri txiki bateko bi biztanle... Erritmo bizian, arin eta fresko, aritu dira kantuan.

Bigarren atalean, bakarka baina taldean 

Bigarren atala ere antzera joan da. Oraingoan baina, lehen sei sailkatuak aritu dira kantuan, oholtzan guztiak elkarri entzuten eta babesten egon diren arren:  Egiar Otegi Torres, Kattalin Lizarraga Mendia, Kattin Madariaga Apaolaza, Nahia Etcheverry Lopete, Suhar Gesala Egiguren eta Unax Aizpurua Ibargarai. Banaka aritu dira atal honetan. Lehendabizi, lehen puntua emanda, bertso bat osatu behar izan dute zortziko txikian; gero, gaia emanda, bertso bat osatu dute, gehienez, bost puntuko neurrian. Isiltzen dutenari, lortutako ametsari, sufrimenduari, zurrumurruari, egunerokoan idatzitakoari eta bizilagunaren oihuari kantatu diete, besteak beste. 

Bertsolariek beren lanak eginda, epaileen lanaren zain egotea egokitu da. Epaile lanetan Aitor Jimenez Tolosana, Ainhoa Sarasua Laskarai, Beñat Romero Maguregi, Jon Diaz de Mendibil Sarasti eta Unai Muniain Caballero aritu dira. Idazkari lanetan Ixiar Eizagirre Kerejeta aritu da, eta honek entregatu die akta aurkezleei. 2025eko Euskal Herriko Eskolarteko txapeldunaren izena esan dute: Unax Aizpurua Ibagarai. Saioa Alkaiza Guallarrek jantzio dio txapela. Eskolartekoan aritutakoa da Alkaiza. Txapeldunordea Nahia Etcheverry Lopepe izan da. 

Bertsotan aritutako guztiek jaso dute saria: Esti Martinezen 'Animalia domestikoak' liburua, BBT25, NBT25 eta Xilabarako sarrera bana eta Ahots Bat Sormen Egonaldirako partaidetza. Sariak banatzen, Alkaizaz gain, Aroa Arrizubieta Barredo, Elixabet Etxandi Goienetxe, Manolo Arozena Mitxelena, Nekane Artola Labordeta eta Onintza Enbeita Maguregi aritu dira. 

Ikastolen Elkartearekin elkarlanean antolatzen den XXXVII. Eskolartekoa izan da gaurkoa. Elkarlana eta elkargunea giltzarri baitira txapelketa honetan, eta transmisiorako gako: elkar ezagutu, elkar eragin, elkarri igurtzi eta elkarrekin aritu. Ekaitz perfektu" gisa definitu zuen Paula Amilburuk Argian V. Señora Sariketako finala. Asteburu honetan ez dira señorak bildu, gazteak baizik, baina ekaitzetik ihes egiteko plan perfektua izan da Eskolartekoa. Lainotuta esnatu da Arantza ingurua, eta eguraldiak bart egindakoen inguruko elkarrizketek berehala utzi diote trending topic izateari. Ez da euri jasarik izan goizean, etengabeko bertso xirimiria baizik. Ederra joan da. 

Saioa Alkaizak jantzio dio txapela Unax Aizpuruari. BDB