"Umorea kontu serioa da" jardunaldia maiatzaren 14an

2022/05/04
Bertsolariei, epaileei eta gai-jartzaileei zuzendutako saioa izango da. Parte hartzeko izena eman beharko da maiatzaren 11 baino lehen.

Bertsolaritzan umorea nondik eta zeri egiten diogun, zer bilatzen dugun, zein baldintza ditugun sortzeko eta nola sortzen dugun hausnartuko dugu Umorea kontu serioa da jardunaldian. Bertsozale Elkarteak antolatu du saioa maiatzaren 14rako, eta Amasa-Villabonako Subijana etxean izango da, 10:00etatik 13:30era. Bertsolariei, epaileei eta gai-jartzaileei zuzendutako saioa da.

Uxoa Anduagak jantziko du saioa; soziologian lizentziatua eta doktorea da bera. Umorearen eta bere erabileraren inguruan aditua da, eta hainbat ikerketa eginak ditu norabide honetan. Ainhoa Agirreazaldegi bertsolariak dinamizatuko du ondorengo hausnarketarako talde dinamika. Modu pertsonalean zein taldean hausnarketarako bidea zabaltzea da helburu nagusietako bat, denok baitugu zer esana eta zer ikasia.

Parte hartzeko, maiatzaren 11 baino lehen eman beharko dute izena interesa duten bertsolari, epaile eta gai-jartzaileek HEMEN.

Ainhoa Agirreazaldegik gidatuko du saioaren alderdi praktikoa. / XDZ