Uitzin bertso lagunak eginda itzuli dira etxera 12-13 urtekoak
Uitziko aterpean (Nafarroa) amaitu da 2025eko Bertso Udalekuen lehenengo txanda. San Fermin astean, uztailaren 7tik 13ra, elkartu dira 12-13 urteko 33 lagun, bost herrialdetatik etorriak: Arabako, Bizkaiko, Gipuzkoako, Lapurdiko eta Nafarroako bertsozaleen elkargunea izan da Uitziko txanda. Hezitzaile taldean beste 10 artista: Aissa Intxausti, Aner Peritz, Aratz Arzelus, Iholdi Beristain, Irati Tolosa, June Aiestaran eta Xuban Urdalleta begiraleak eta bost mitxelineko otorduak prestatu dituzten Eneko Alda, Haritz Cervera eta Josu Rodriguez sukaldariak.
Zazpi egunetan denetik bizi izan dute: lurraren defentsa eguna, Leitzako Peru Harrira ibilaldia eta Iñaki Perurenarekin bisita gidatua, zinema gauez Gartxot filma ikustea, Mihiluze, errekan bainua, genero sentsibilizazio tailerra, masaje gaua, adierazpen tailer errotatiboak, bingo musikatu zunboia, mikro irekia… Bertsozale Elkarteko furgonetari megafonia erantsita Korrika ere egin zuten herrian, baita azken gauean kontzertu ederra eskaini ere plazan, gazteek eta begiraleek ekarritako musika instrumentuekin.
Haizea Arana eta Julio Soto bertsolariak ere etorri ziren egun batean bisitan, gazteekin jolasak eta solasaldiak izan eta bertso afaria eskaintzera. Uitziko lagunek hiru taldetan prestatu zuten, mimoz, bertsolarien saioa: gai-jartzaile taldeak gauerako gaiak eta ariketa bereziak prestatu zituen, bertsolariekin bat-batean jardun nahi zuten gazteek bertso eskola txokoan astindu zituzten herdoilak, eta hirugarren taldetxo batek bertsolarien ongietorria prestatu zuen.
Txandak utzitako irudiekin bideo muntaia hau osatu du hezitzaile taldeak, Uitziko lagunentzat azken opari gisa
Bertso Udalekuen bigarren txandak Bidarrain darrai: bertsoaren testigua hartu dute 15-18 urteko 40 gaztek eta zortzi hezitzailek, uztailaren 14tik 23ra arte. Ostean etorriko dira Sarriako eta Zuhatzako egonaldiak. Aurtengoa 27. edizioa da eta 196 partaide elkartuko ditu, horietatik %87 bertso eskoletan dabiltza eta %77 iaz ere Bertso Udalekuetan izan zen.
Bertso Udalekuak Bertsozale Elkarteak antolatzen ditu, Eusko Jaurlaritzaren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren babesarekin eta Irizarren laguntzarekin.