Udako atsedenaren aurreko BertsoZalea

2019/07/10
Ekaineko zenbakiak Bertsozale Elkarteko koordinatzaile aldaketaren xehetasunak dakartza.

Zuetako batzuek bezala atsedenerako hartuko ditu uztaila eta abuztua BertsoZalea berripaperak. Hilabeteotan haren falta gehiegi ez sentitzeko, ekainaren hondarrean kaleratu dugu ikasturteko azken alea.

Bertsozale Elkarteko koordinatzaile aldaketaren ingurukoak jasotzen dira azalean: Idoia Trenorrek eta Jon Agirresarobe "Torrotxo"k hartuko dute Aritz Zerainek emandako lekukoa. Elkartearen dimentsio handia egokiago kudeatzeko eta mugimenduaren aurrerako beharrei hobeto erantzuteko, biko koordinazioaren formularen alde egin du zuzendaritzak koordinatzailearen egitekoa betetzeko, eta Trenorrek eta Agirresarobek osatu dute tandema.

Udaberrian gauzatu diren Bertsolamintza jardunaldiek zein garai beretsuan esleitutako ikerketa sariek ere bete dituzte BertsoZaleko orriak; baita Lankuren bidez kaleratu berri den eta Koldo Izagirrerena den Bertsoaren Harria lanari buruzkoak, eta datorren astean aurkeztuko den Gipuzkoako Bertsolari Txapelketarako sailkapen fasea izan den Gipuzkoa Bertsotanen gainekoak.

Gainera, azaleko bertsoa, Koplak, Puntua Jarrita,... irailean itzuliko gara. Uda on!

[IRAKURRI EKAINEKO ZENBAKIA]