Uda honetan, bertso plaza sagardotegian

2020/07/08
Gaur aurkeztu dugu "Sagardoak elkartzen gaitu" ekimena, Gipuzkoako Sagardogileen Elkarteak, Musika Bulegoak eta Bertsozale Elkarteak. Saio ugari izango dira, eta horietako bi bertso otordutarako txartelak jada eskuragai daude www.bertsosarrerak.eus webgunean.

"Sagardoa eta bertsolaritza betidanik egon dira lotuta" aipatu du Bertsozale Elkarteko Oier Iurramendik gaur Astigarragako (Gipuzkoa) Astarbe sagardotegian egindako agerraldian. Aspalditik dator bien arteko harremana, eta urteen poderioz bilakaera izan duen arren, aurtengo uda bereziak harreman hori are gehiago estutzera bultzatu ditu. Gipuzkoako Sagardogileen Elkarteak eta Bertsozale Elkarteak egikaritu dute oraingoan hartu-eman hori, Sagardoak elkartzen gaitu ekimenaren baitan, eta beste kide bat ere batu da: Musika Bulegoa elkarteak osatzen du hirukotea.

Iurramendirekin batera izan dira Astarbe sagardotegiko terrazan egin den agerraldian Olatz Mitxelena, Sagardoa Route - Gipuzkoako Sagardogileen Elkarteko koordinatzailea; Aitor Bengoetxea, Musika Bulegoa elkarteko lehendakaria; Iker Goiria, Gipuzkoako Foru Aldundiko Turismo saileko zuzendaria; eta Josu Garaialde, Hazi Fundazioko ordezkaria.

Eskaintza ederra izango dute Gipuzkoako hainbat sagardotegik ekimen honen eskutik: guztira, bost saio izango dira, eta horietako bi bertso otordutarako txartelak jada eskuragai daude www.bertsosarrerak.eus atarian.

Uztailaren 15ean izango da lehena, Adunako Aburuza sagardotegian. Eli Pagolak eta Unai Mendizabalek egingo dute bertsotan, Aitor Mendiluze gai jartzen ariko dela. 20:30ean hasiko da. Uztailaren 24an da bigarrena: Astigarragako Astarbe sagardotegian bertan, 18:30ean hasita, eskainiko da mokadua eta bertso saioa: Agin Laburu eta Maialen Lujanbio ariko dira librean.

Uztailaren 26an eta abuztuaren 7an eta 29an ere izango dira saioak: horietarako txartelak eskuragai dituzue www.sagardoa.eus atarian, zehazki, hemen sakatuta.

Garaialde, Bengoetxea, Mitxelena, Iurramendi eta Goiria, hurrenez hurren.