"Sormenean hezi, kulturan bizi" jardunaldien lehen saioa izango da larunbatean

2021/10/21
"Gazteak eta kulturgintzaren transmisioa, belaunaldiartekotasuna" mahai-inguruan parte hartuko dute Aner Peritzek eta Oihana Aranak Bertso Udalekuen inguruan aritzeko. Jardunaldiok antolatzen ari da Bertsozale Elkartea ere beste hainbat erakunderekin batera.

Nola euskaltzaletzen gara? Nola kulturzaletzen gara? Nola sozializatzen gara euskarazko kultur sormenaren inguruan? Zein espazio ditugu euskarazko kultur sormenaren inguruan elkartzeko? Zer egin genezake elkarrekin euskal kulturgintzaren ekosistema osatzen dugun Euska Herri osoko eragileok? Galdera horiek abiapuntu hartuta osatu da, UEUren baitan, Sormenean hezi, kulturan bizi II. jardunaldien egitaraua. Lau saio izango dira, eta lehena asteburu honetan Senperen.

Larraldea etxean izango da hitzordua, goiz osokoa. Lehenik, ikus-entzunezkoen eta literaturaren inguruko bi proiekturi buruzko aurkezpenak egingo dira, eta ondoren, bi mahai-inguru. Lehenean, Gazteak eta kulturgintzaren transmisioa, belaunaldiartekotasuna izenburua duen horretan, Aner Peritzek eta Oihana Aranak hartuko dute parte Bertso Udalekuen inguruan hitz egiteko. Haiekin ariko dira EuskarAbenturako kideak ere. Egitarau xehetasunez begira dezakezu hemen.

Saio guztietan parte hartu gabe, saio bakarrean edo zenbaitetan eman daiteke izena. Senpereko saioan parte hartu nahi izanez gero, hementxe izena emateko aukera. Azaroaren 6an, Laudion; azaroaren 13an, Lesakan; eta azaroaren 20an, Azpeitian izango dira hurrengo saioak.

UEUz gain, jardunaldiak antolatu ditugu Ahotseneak, Oinherrik, Azpeitiko Udalak eta Bertsozale Elkarteak. Larraldearen, Aiaraldea Ekintzen Faktoriaren eta Lesakako Udalaren laguntza ere izan dute jardunaldiok.