Señora Sariketa hasiko da larunbatean

2021/04/13
Zenbait bertsolarik antolatutako egitasmoa babestuko du Bertsozale Elkarteak. Bi saio eta finala izango ditu: sarrerak www.bertsosarrerak.eus atarian izango dira eskuragai.

Apirilaren 17an Aramaion, apirilaren 24an Mutrikun eta maiatzaren 8an Lesakan; bi saiok eta finalak osatuko dute I.Señora Sariketa.

Hamalau emakume bertsolarik hartuko dute parte lehen bi saioetan. Saio bakoitzetik bina bertsolari sailkatuko dira finalera, eta, lau horietaz gain, antolatzaileek esan dutenez, "señora izateagatik" dagoeneko sailkatuta dauden beste bi bertsolari ariko dira; ez dugu jakingo nortzuk diren eguna iritsi arte.

Sariketaren lehenengo kanporaketa Aramaioko kultur etxean izango da datorren larunbatean, 17:00etan hasita: Alazne Untxalo, Haizea Arana, Itxaso Piquer, Maddi Aiestaran, Miren Artetxe eta Oihane Perea ariko dira. Ainhoa Urien izango dute gai-jartzaile.

Bigarren kanporaketa Mutrikuko Kalbarioko ermitan izango da apirilaren 24an, ordu berean: Ainhoa Agirreazaldegi, Aissa Intxausti, Oihana Arana, Oihana Bartra, Paula Amilburu eta Saioa Alkaiza ariko dira bertsotan. Maite Berriozabalek gidatuko du saioa.

Saio guztietarako sarrerak www.bertsosarrerak.eus atarian daude. Emakumeen ahalduntzean pauso bat gehiago ematea da sariketaren helburua. Ekimena zenbait emakume bertsolarik eta bertsozale feministek antolatu dute, eta Bertsozale Elkarteak babesten du.