Sarriako txandan elkartu dira 14-15 urteko 40 gazte
Bertso Udalekuetako 4. eta azken txanda Sarrian egin da (Araban), Goikuria aterpetxean. Bertan astebeteko egonaldia egin dute Lapurdi, Nafarroa, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako 14-15 urteko 40 gaztek. Gorbea parke naturalaren magalean, paraje zoragarrian, lagun talde batek eta umore onak soilik piztu dezakeen su-festan: herriko festak ospatu dituzte nahi zuten egunean (herri bazkari, erraldoi eta buruhandiekin), Gorbeako pagadietan bazkaldu eta txanpu iragarkietako ur-putzuetan egin dute dzanga, sormen tailerrak eta talde antzerkiak egin dituzte, beldur gau sentsoriala, “zuek begirale” goiza, mikro irekia… Bertso afaritan Peru Abarrategi eta Sarai Robles izan dituzte lagun, aurrez gazteek bertso eskola txokoetan prestatutako ongietorriaz eta gazteek sortutako gaiekin eta bertso-froga-xelebreekin gozatzeko, gazteak ere kantu-lagun zituztela.
Sarriako txandan begirale-saltsero kuadrillan elkartu dira Aitor Tatiegi, Ane Arexolaleiba, Eki Mateorena, Haize Lekuona, Iraide Onaindia, Martin Abarrategi eta Oihan Navarro artistak eta sukaldean hiru mitxelin izarrak eurentzat gutxitxo diren Haira Aizpurua, Haizea Arana, Joane Aldalur eta Maider Altuna chefak.
Zoro haizea nahi duenarentzat, hemen txandako bideoa!
Aurtengoa Bertso Udalekuen 27. edizioa da eta 196 partaide elkartu ditu; horietatik %87 bertso eskoletan dabiltza eta %77 iaz ere Bertso Udalekuetan izan zen. Bertso Udalekuak Bertsozale Elkarteak antolatzen ditu, Eusko Jaurlaritzaren eta Bizkaiko Aldundiaren babesaz eta Irizarren laguntzaz.