Sareko bertso plaza Hitzetik Hortzeran

2023/09/28
Bertsoa.eus ataria ezagutuko dugu aste honetan Jexux Mari Irazurekin. Iruñeko, Lezoko eta Oñatiko jaialdietako bertsoaldiak eta Ainhoa Agirreazaldegiren bertso jarriak eskainiko ditu Hitzetik Hortzerak. Aste honetan, igandean eta 15:00etan, ETB1en.

Sareko bertso plaza izango da aste honetako Hitzetik Hortzerako protagonista. Bertsoa.eus atariaren sorrerari eta bilakaerari buruz hitz egiteko hitzordua du saioak Jexux Mari Irazurekin. 2006an sortu zen Bertsoa.eus sareko plaza, Bertso Plaza Digitala Elkartearen eta Euskal Herriko Bertsozale Elkartearen arteko lankidetzan, bakoitzak ekoizten zuen Bertsoa.com eta Bertsoplaza.tv egitasmoak bat eginda.

Jexux Mari Irazu izan zen sarean bertsoak presentzia izatearen apustua egin zuena eta Bertsoa.com sortu zuena. Hasierako urte haiei buruz eta atariak izan duen bilakaerari buruz arituko dira solasean Jexux Mari Irazu eta Mirari Martiarena. Izan ere, bertsoa.eus ez baita bertsoak eskaintzen dituen atari hutsa.

Bide batez, Jexux Mari Irazuk gaur egun bertsoarekin eta plazarekin duen harremanari buruz ere arituko dira. Larrauldarrak txapelketak utzita dituen arren oraindik ere aritzen baita bertsotan, izan plazan ala izan bertso-eskolan.

Ainhoa Agirreazaldegiren bertso jarriak entzungo ditugu aste honetako programan. Desenkontruak izeneko sorta abestuko du Beñat Antxustegi eta Eneko Sierra musikarien laguntzarekin.

Iruñeko, Lezoko eta Oñatiko saioak

Hiru bertso jaialditako bertsoaldiak entzungo ditugu aste honetan Hitzetik Hortzeran. Lezoko festetako jaialdia izango da batetik, bertan Amaia Agirreren esanetara aritu ziren kantuan Andoni Egaña, Oihana Bartra, Oihana Iguaran eta Sebastian Lizaso.

Iruñean, berriz, Enmusikadas jaialdiaren barruan egin zen bertso saioa. Bertan Ainhoa Larretxea aritu zen gai-emaile lanetan, eta Maddi Ane Txoperena, Maialen Lujanbio, Miren Amuriza eta Saioa Alkaiza izan ziren kantuan aritu ziren bertsolariak.

Oñatiko festetako jaialdiko bertsoaldiak ere entzungo ditugu. Aitor Bizkarra, Amaia Agirre, Nerea Elustondo, Sustrai Colina, Unai Iturriaga eta Urko Arregi aritu ziren kantuan. Aritz Iza Oñatiko Txinparta bertso-eskolako kideak egin zituen gai-emaile lanak.

Zinemaldiko amaiera ekitaldia dela eta, ordutegi aldaketa izango du aste honetan Hitzetik Hortzerak: igandean izango da, 15:00etan, ETB1en.

Jexux Mari Irazurekin elkartu da Mirari.