Salgai jarri dira Bertso Eguneko sarrerak

2023/12/20
Astran izango diren bazkari eta bertso jaialdirako sarrerak dira bertsosarrerak.eus salgai jarri direnak, baina egun osoan izango da bertsoaz gozatzeko aukera. Hemen dituzu xehetasunak.

Duela zenbait aste aurreratu bezala, urtarrilaren 27an Gernika-Lumon izango da Bertso Eguna. Bertsozale Elkartea eta Lilibertso bertso-eskola egun osoko egitaraua ari dira prestatzen elkarlanean.

10:30ean dute bertsozaleek hitzordua Muxikan, Ariatzan. Bertakoa da Garriko bertso-eskola, aitzindarietako bat bertsotarako elkargune izateari dagokionez. Ondoren, 12:00etan, Astra aurrean elkartuko dira zaleak eta lurralde ezberdinetako bertso-eskolak ariko dira tabernaz taberna ibilbidea osatuz.

15:00etan bazkaria eskainiko da Astran eta 17:30ean hasiko da eguneko bertso jaialdia: Amets Arzallus, Etxahun Lekue, Maialen Lujanbio eta Saioa Alkaiza izango dira bertsotan. 35 euroren truke lortu daitezke bazkarirako eta jaialdirako, bietarako balio duten sarrerak bertsosarrerak.eus atarian. Ondoren, gauean ere izango da festa jarraitzeko aukerarik, eta egitaraua biribiltzeko lanetan ari gara.