Rapa eta bertsoa ekarriko ditu Odei Barrosok Hitzetik Hortzerara

2025/10/15
Aste honetan Odei Barroso izango da programako gonbidatua: raparen zein bertsoaren inguruan arituko dira kontu-kontari. Betiko moduan bertsoaldiak ere izango dira; oraingoan, Bergarako eta Iurretako saioak ekarriko dituzte pantailara.

2zio taldean hasi zen rap kantari bezala Odei Barroso. 2022an bakarkako bideari ekin zion eta Terapia lana argitaratu zuen, eta aurten, berriz, Goizegi da hiltzeko lan luzea kaleratu du eta oholtzaz oholtza dabil lana aurkezten. Hitzetik Hortzeran rap kantari gisa egiten ari den bideaz arituko dira, baita, bere rapero pertsonaiaz, abestiak sortzeko prozesuaz, zein rapak euskal musikan duen lekuaz ere.

Rap kantari izateaz gain, musika ekoizlea ere bada Barroso, eta Hendaian duen Alkimia estudioan egiten duen lana ere izango dute hizketagai aste honetako programan.

Bertsolaritzari buruz ere arituko dira, nola ez. Bertso plazak, txapelketak eta bertso-eskoletako irakasle lanak utzi zituen arren, momentu on askorekin lotzen du Barrosok bere bertsolari garaia. Bertsoak emandakoaz, sortutakoaz eta bertsoarekin loturiko momentu kuttunez arituko da Hitzetik Hortzeran.

Bergarako clown bertso saioa eta Iurretako jaialdia, ikusgai

Astero bezala, elkarrizketaz gain bertso saioak ere ikusi ahal izango ditugu Hitzetik Hortzeran.

Adinekoen Nazioarteko egunaren harira, clown bertso saioa antolatu zuten Bergarako Seminarixoan. Gai-jartzaile lanetan Beatriz Egizabal aritu zen eta bertsotan egin zuten Ainhoa Agirreazaldegik, Andoni Egañak eta Onintza Enbeitak.

Iurretan, ostera, herriko jaietako urteroko jaialdia egin zuten Kepa Arroitajauregi frontoian. Amets Arzallusek, Maialen Lujanbiok, Nerea Ibarzabalek eta Unai Iturriagak egin zuten bertsotan, Ainhoa Urien gai-jartzailearen esanetara.

Hitzetik Hortzera: larunbatean, 21:00etan, ETB1en.