Pozarren ibili dira Getadarren Bertso Udalekuetako lehenengo txandan

2026/07/24
Getadarko aterpetxean, Ezprogiko udalerrian (Nafarroa) izango dira aurten bertso udalekuetako lau txandetatik hiru. 12-13 urteko gazteen txandarekin ekin diete udalekuei.

Arabatik, Bizkaitik, Gipuzkoatik, Lapurditik eta Nafarroatik bildutako 36 gazteren elkargune izan da uztailaren 9tik 15era Getardarko aterpetxea. Bederatzi lagunez osaturiko hezitzaile taldea ere bertan izan da: Eki Mateorena Zozaia, Oihana Arana Cardenal, Ibai Lekuona Darceles, June Aiestaran Iparragirre, Oihan Navarro Martinez, Irati Tolosa Zubeldia, Haizea Arana Cardenal, Joane Aldalur Irazusta eta Maider Altuna Urbina izan dira taldea osatu dutenak.

Zazpi egunez hamaika dinamika egiteko tartea izan dute, adin beretsuko beste hainbat bertsolari eta bertsozale ezagutzeaz gain. Bertsoaz harago ere ekintza ugari egin dituzte: sormen tailerrak edo euskal dantzen ikastaroa, esaterako. Beroari aurre egiteko, ur-jolasez gain Zangotzako igerilekura txangoa ere egin dute.

Egunetako batean, Maddi Ane Txoperena Iribarren eta Nerea Ibarzabal Salegi bertsolarien bisita izan zuten. Harrera eder baten ondoren, haiekin solasaldi bat izateko aukera izan zuten, baita haiekin jolas egitekoa ere. Arratsaldeko ekintzen ondotik, bertso afari ederra eskaini zuten bi bertsolariek, gaztetxoek proposatutako gaiei helduz.

Udalekuan bizitakoak jasotzeko, bideo polit bat osatu dute hezitzaileek oroitzapenak musikaz lagunduz:

 

Bertso Udalekuak Bertsozale Elkarteak antolatzen ditu, Eusko Jaurlaritzaren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren babesarekin eta Irizarren laguntzarekin.