Plazako bidean geltoki posiblea

2025/06/12
Arantzan izango da Euskal Herriko Eskolartekoa, larunbatarekin. 11:30ean hasita, eguerdira arte luzatuko da gazteei jendaurrean kantuan hasteko helburuarekin antolatzen den txapelketa.

Haur eta gazteek jendaurrean kantatu ahal izateko, harremanak egiteko, eserlekutik bertsozaletzeko eta hurbilekoak ere bertsotara hurbiltzeko, eta antolakuntza lanetan ardurak hartzen ikasteko asmoarekin antolatzen dugu Eskolartekoa.

Horregatik, lehiarik gabeko saioetan kantatzeko aukera dute 15 urtetik beherako gazteek. 15-18 urteko gazteentzat, ordea, bat-bateko txapelketa antolatzen dugu. Aurtengoak geltoki bat baino eztu falta, Euskal Herrikoa, asteburu honetan, larunbatarekin izango dena.

Gazteak bertsolariaren zereginetara soilik mugatu gabe, aukera ematen zaie nahi duten rolean parte har dezaten. Gainera, bertso-eskola guztien festa izaten dira lurraldeetako finalak, baita Euskal Herrikoa ere. Dagoeneko herrialdeetakoak amaituta, larunbat honetan Euskal Herrikoa izango baita Arantzan. Beren neurriko saioa ontzeaz eta talde lan horrekin gozatzean gain, adinkideekin harremanak egiteko aukera paregabea da larunbatekoa, baita bertsolariekin zuzeneko harremana izatekoa ere.

Izan ere, aurkezle zein gai jartzaile lanetan Ekhiñe Zapiain Arlegi eta Josu Txoperena Iribarren arituko dira, ganbara zaintzen Oihana Arana Cardenal eta txapela janzten Saioa Alkaiza Guallar. Hirurak Eskolartekoan aritutakoak dira.


Ikastolen Elkartearekin batera antolatzen dugu txapelketa, elkarlana baita Eskolartekoaren gako zein funtsetako bat. 11:30ean hasiko da eta gerturatzen diren guztientzako izango den luntxarekin itxiko da. 

Iaz ere Arantzan izan zen Euskal Herriko Eskolartekoa