Plaza berri baten bueltan, Hitzetik Hortzera

2020/09/10
Denboraldi berriaren hasiera plazarentzako garai arraroan dator. COVID-19ak bertsolaritza ere gogor astindu du; horregatik, orain arte bizitakoak eta bizitakoari buruzko bertsolarien hausnarketak ekarriko ditugu lehenengo saiora. Badator Hitzetik Hortzera: orain, larunbatetan, 21:00etan.

Bertsolaritza ere arrarotu du koronabirusak, eta birusaren neurrietara egokitu dira bertso saioak fase bakoitzean. Birtualak izan diren hasieran; tartean izan ziren online saioak; eta aurrez aurreko ikus-entzulerik gabekoak etorri ziren ondoren, Euskal Herriko zenbait antzoki eta aretotan antolaturikoak, besteak beste. Edukiera mugatuko plazen garaian abiatzen da Hitzetik Hortzeraren denboraldi berria, galdera ikur formako udazkenaren atarian.

Larunbateko programan, martxotik honako bizipenek utzitako gorputzaldien eta erronken inguruan arituko gara, Amaia Agirre, Beñat Gaztelumendi, Jone Uria, Maddalen Arzallus eta Peru Abarrategi bertsolariekin.

HH1_Berako bertso-eskola

Bertsoaldi kuttuna, Beratik

Bertsozaleen bertsoaldi kuttunenak zeintzuk diren jakiten jarraituko dugu. Larunbateko programan, Berara joango gara, eta Ane, Ekhiñe, Lide eta Ninbe Bortzirietako bertso-eskolako kideak ezagutuko ditugu. Beraien bertsoaldi kuttuna zein den esango digute.

Plazak gutxitu diren arren, bertsoaldiak ez dira faltako, noski. Maiatzean Antzuolan egin zen jendaurreko lehen saiotik hasi, uztailean Ereñotzuko plazan urteroko jaialdiarekin segi, eta, abuztuan, Donostian antolatu zen saioetako bat ikusteko aukera izango da. Gerora etorri diren Gasteizko, Ondarroako eta Lizartzako saioetako aleak ere eskainiko dira.

Badator Hitzetik Hortzera: orain, larunbatetan, 21:00etan, ETB1en; eta edonoiz EITB Nahieran atarian.

Antzuolakoa, egoera honetan ikus-entzuleekin egin zen lehenengoetakoa.