Pizkunde berri baten lehen txinparta, abenduaren 27an
Euskararen Nazioarteko Egunaren bezperan, Euskalgintzaren Kontseilua osatzen dugun eragileok adierazpen bateratua irakurri genuen. Bilbao Arenan izan zen ekitaldia, abenduaren 27ko ekitaldia egingo den lekuan bertan.
Irakurketan euskararen normalizazioak eta biziberritze prozesuak bizi duen kinka aipatu zen eta hura gainditzeko bidearen proposamena azaldu zen beste behin. Larrialdi linguistikoaren diagnostikoa berrestearekin batera, biziberritzerako erronka nagusiak zerrendatu dira, larrialditik indarraraldirako bidea egiteko. Bide horretarako, bi konpromiso nagusi hartu ditugu: hizkuntza politiketako jauzia bultzatzea eta euskaltzaletasuna indartzea.
Bigarren horri begira, ekitaldia antolatu du Kontseiluak abenduaren 27rako. Euskaltzaletasuna bultzatzeko, herri gogoa pizteko eta indar erakustaldia egiteko, Bilbao Arena euskaltzalez betetzeko deia egin du, pizkunde berri baten lehen txinparta bihur dadin, euskaltzaleon indar eta batasunaren erakustaldi.
Ekitaldiaren nondik norakoak
17:00etan hasiko da ekitaldia, baina ateak 15:00etan zabalduko dira. Ekitaldi politiko-kulturala izango da, eta hitzartze aldarrikatzaileak eta musika uztartuko dituena. Bestelako kultur diziplinek ere izango dute lekua, tartean bertsolaritzak. Ane Labaka Mayoz eta Sustrai Colina Akordarrementeria arituko dira kantuan. Ekitaldiaren helburua euskaltzaletasunaren giharra indartzea da.
Sarrerak salgai daude www.pizkundea.eus atarian. Sarreraren kostua artisten lana eta ekitaldiaren gastuen zati bat ordaintzera bideratuko da. Helburua ahalik eta euskaltzale gehien batzea denez, eta sarrerak ezin direnez itzuli edo aldatu, azken momentuan ezin bazara joan, pasa zure sarrera joan ahal izango duen norbaiti.