Pello Errotaren omenezko bertso jarriak, Bertsoa.eus atarian

2019/05/21
Pasa den ostiralean Asteasun bertso jarrien emanaldia eskaini zen Pello Errotaren heriotzaren mendeurrena tarteko.

Eñaut Agirre, Imanol Kamio eta Aitor Atxega izan ziren ostiralean Asteasun (Gipuzkoa) bertso jarrien emanaldia eskaintzen. Pello Errotaren heriotzaren mendeurrenaren aitzakian antolatutako saioa izan zen, eta han izan ziren bertsoa.eus atariko kamerak ere. Aste honetan izango dugu gozagai webgunean.

Bezperan, Bertsolamintzako bigarren hitzordua egin zen Senperen (Lapurdi). Amets Arzallus eta Miren Artetxe izan ziren hizlari, eta esandakoa laburbildu digute.

Bertsoak ere ez dira faltako, noski, bertsolaritzaren atarian: batetik, larunbatean Hazparnen izan zen Lapurdi, Baxenabarre eta Zuberoako Eskolarteko finaleko bertso hautaketa eta Euskal Herriko finalera sailkatu diren bi bertsolarien hitzak entzungo ditugu, eta bestetik, Gipuzkoa Bertsotan sailkapen faseko saioetako aleak ere bai: Zizurkilen, Errezilen, Aretxabaletan eta Legorretan izan ziren saioak aurreko larunbatean eta igandean.

Amets Arzallusek Bertsolamintzan esandakoak laburbildu dizkigu.