Patxi Etxeberria bertsolaria hil da

2025/12/29
Hainbat belaunalditako bertsolariekin elkarbanatu du plaza Etxeberriak, 50 urte baino gehiagoz aritu baita kantuan. Txapelketetan ere aritu da: 1980ko Euskal Herrikoan finalista izan zen eta Gipuzkoakoan hirutan izan da finalista.

95 urte beteta hil da Patxi Etxeberria Zubiria (1930-2025) bertsolari oriotarra. Duela gutxira arte aritu da plazan kantuan, 86ak bete arte. 2017an izan zen hori, Lasarte-Oriako festetako jaialdian. Orduan kantatu zuen azken bertso-plaza, bizileku izan duen herrian.

1959an egin zuen plazarako jauzia sariketa batean, 29 urterekin. Ordutik, 50 urte baino gehiagoko bidea egin du bertsotan, eta ondorioz, hainbat belaunalditako kantukideak izan ditu: Uztapide eta Basarri, baita EgañaLujanbio edota Labakarekin ere. 1999an, esaterako, Gipuzkoako Herriarteko Txapelketan bertsolari gazteekin aritu zen kantuan.

Baina ez da hori parte hartu duen txapelketa bakarra. 60. hamarkadan Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako finalista izan zen hirutan, eta 198an,  Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusiko finalista izan zen.

Bertso izan du bidelagun Etxeberriak eta bertso eskola etxe. Behin helduarora iritsita, urte askotan egon da Lasarte-Oriako bertso eskolan astero biltzen, helduaroa hasita. Bere belaunaldiko bertsolari bakarrenetakoa zen eta gazteekin aritzen zen.

Egindako bidea liburu batean jasoa izan da eta baita omendua ere. Xabier Lasak 'Patxi Etxeberria, 50 urtez plaza gizon' liburua idatzi zuen 2009an eta, urte berean, omenaldia egin zioten Lasarte-Orian.



Patxi Etxeberria 2012ko Bertso Egunean, Donostian.